Iritsi dira Gabonak, ezin ukatu. Bai, badakit azaroaren 19an garela oraindik, baina duela bi astetik baditugu hamaika turroi klase eta forma eta kolore guztietako pinu eta pitxiak dendetan... Eta batez ere, nere etxera iritsi da dagoeneko jostailu katalogoa eta hiru urteko alaba dut. Hementxe dabil nire inguruan "Ama, zenbat jostailu?" galdezka Olentzerok ekarriko dizkion opari kopurua jakin nahi baitu.
Ez dut sentimentalegi jarri nahi, baina nolako Gabonak nahiko nituzke nere alabarentzat galdetzen diot neure buruari. Beti dugu kontsumitzeko aitzakia, eta saltokiek handiek behin eta berriz jartzen digute amua. Gabonak ez direnean, beherepenak, beherapenak ez direnean, san valetin, aitaren eguna, gero amarena, uztaileko merkealdiak, halloween, Black Friday delakoa... Azkenean gure gizartea kontsumoaren inguruan eraikitzen dugu. Atzo entzun nuen dagoeneko umeentzat modan dagoen robot garestia agortuta dagoela estatu osoan eta aita batek telebistan zioen ez zela bidezkoa, gero bere haurra zoritxarreko sentituko zelako. Aita horrek bere intentzio onenarekin esaten zuen, ziur nago, baina bere semeari oso mezu materialista helarazten ziola iruditu zitzaidan. Mere iritziz, ez da garrantzitsua zenbat ala zein modako oparia ekarriko dizkion Olentzerok nere alabari, baizik eta horien bitartez egin dezakuguna edo horiekin elkarbanatu dezakegun denbora: Kontsumoaren zenbatekoa ez da beti erantzuna eta ez naiz ari bakarrik jostailuez. Zoriona bizipenetan, sormenean, partekatzean eta gauza txikietan aurkitu dezakegula maizago gogoratu beharko genuke. baita dendek ere, baina hori gehiegi eskatzea da. Nik behintzat Olentzerori guzti hau kontatuko diot.