Betirako balitz bezala

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2023ko eka. 6a, 16:37

Hautsa zuriak eragindako gaitzak eraman zuen. Garia galbahean garbitzen urteak pasa ondoren saihetsa hanpatuta jaiki zen behin errotaria, baina ez zen sekula izan agurraren beldur. Eta zu, prest al zaude? Galdetuko zion akaso alabari. Izan ere, alabak itzala bai, baina ez zuen izenik izan sekula. 
Bazekien ez zutela oroituko egin zuenagatik eta ordurako erabaki bakarra hartu zezakeen: nola joan. Horregatik ziren hain garrantzitsuak jarraibideak, errituak, jantziak, abestiak, hitzak, nor bai eta nor ez. Ez zuen inoren ulermenik behar. 
Igarotakoaren kontakizuna hegemoniak eraikitzen du, hezurretaraino sartuta dugun gaitz horrek. Eta ez da kasualitatatea hitzak joste horretan batzuk nola tentatzen dituzten, eta traizionatzen sarraskirantz edo konformismorantz; ispilu-mugimenduan. 
Burura etorri zait nik ez dakidalako joaten, hitzari eufemismoa kendu eta adiera geografikoa utzita ere. Aldiz, banoa, irratian egindako hondar urteak joan diren bezala, betirako balira bezala. Errana zegoenaren oihartzuna ekartzen saiatu naiz behin eta berriz, zizelkatzen, argi uzteko zapalkuntzak batera bizi ditugunez borrokak ere batera pentsatu behar ditugula. 
Beraz, milesker irratian hitza eman zidatenei eta belarririk kendu ez didazuenoi. Ez gintuzten bizirauteko sortu, horregatik hitz egiten dugu betirako balitz bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!