Natural

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2023ko api. 17a, 18:12

Gazte talde bat dago hostel bateko gela partekatu handi horietako batean eta, nortasun agiriei erreparatuta, hauxe da herrialde bilduma: Alemania, Danimarka, Suedia, Letonia, Espainia, Frantzia, Italia, Korea eta Filipinak. Gelaren kontrako aldean bi euskaldun. Ez naiz txiste bat kontatzen hasiko edo, bederen, ez da hori asmoa. 
Halako batean, afalondoan, gazte taldeko kide bat euskaldunengana hurbildu eta erraten die ingelesez: “Barkatu, goizean aditu zaituztegu zuen artean solasean eta, gero, saiatu gara asmatzen, gure artean, zein hizkuntzatan ari zineten, baina ez dugu lortu”. Harrituta daude taldekideen artean dozena eta erdi hizkuntza hitz egin arren ez dutelako identifikatu ere egin zein den izkinako bi gelakideek darabiltena. 
Zuriak dira biak eta itxura xelebreegia ere ez dute. Beraz, kontinente gehienak kanpo utzi dituzte asmakizuna ebatzi nahian hasi orduko. Europarrak dira, segur aski, bi gelakide misteriotsuak eta horrek are gehiago aztoratu ditu, taldean Europa ipar, hego, mendebalde eta ekialdeko kideak dituztelako. Nola da posible taldeko inorentzat hizkuntza ezaguna ez izatea? Egun osoa pasa dute erronkari tiraka, txantxa artean.
Azkenean, erantzun die euskaldunetako batek, ingelesez: euskaraz ari gara. Zuzen-zuzenean espainiarrei begira jarri dira taldekide guztiak eta iseka egin diete algara artean: babuak! Espainiarretako batek lasai ederrean erantzun: baina guk ez dakigu euskaraz! Nola nahi zenuten asmatzea? Eta kideak: ixo, zuen herrialdean hitz egiten da eta ez duzue errekonozitu ere egin!
Anekdota motza izanagatik ere harimutur aunitz ditu. Batetik, espainiarrei zegokien euskararen berri izatea, Frantziako kideei ez die inork deus leporatu. Bertzetik, hizkuntza politikaren erroak luzeak dira eta, gehienentzat, naturalena da hizkuntza ondaretzat hartzea, nahiz eta hizkuntza horretako hiztun ez izan. Beraz, espero zuten hiztun ez direnek ere hizkuntza ezagutzea, gutxienez, identifikatu ahal izateko bezainbertze. Are gehiago, hizkuntza batek jakinmina piztu dio taldeari, egun osoan izan da solasgai, non eta herrialde txikiak, handiak, kolonizatuak eta kolonizatzaileak biltzen zituen talde batean. 
Egin zezaketen paso, baina ez dute egin. Izan zitekeen bestelakoa erreakzioa euskaraz ari zirela jakiterakoan: exotizazioa, garrantzia kentzea, bigarren mailako hizkuntzatzat hartzea… baina ez. Norbaitek huts egin du taldean, norbaitek zor zion gutxieneko ezagutza euskarari eta taldeak berak errespetua erakutsi du euskararekiko, aldiz zigortu du kide batzuen ezezagutza edo utzikeria. Hain natural, ezen kontatzea bera ere gehiegi luzatzea baita. 
Inoren lehen hizkuntza ingelesa izan gabe, ingelesez hitz egiten ez den herrialde batean, ingelesez komunikatzen ari den talde batek horretarako balio du, adibidez, naturalena zer den zalantzan jarri behar izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!