Salbuespenak goretsi zaleak gara, ni lehendabizikoa. Dena den, arauak, normak, normaltasuna edo, gutxienez, ohikoa dena definitzen duen horren alde egiten ez badugu beti izanen gara salbuespen, ertzeko, anekdotiko. Eta, batzuetan bederen, komeni da eroso egotea, etxean, gurean, neurrira egindako tokian.
Bi lagunen alabek elkar ezagutu berri dute elkarretaratze batean, 5 urtez behetikoak dira biak eta biek daramate "Euskaraz bizi nahi dut" kamiseta. Irudi moñoñoa da, inondik inora ere, bainon espero gabe etorri da ezker ukabilkada: zeinen irudi tristea den aldi berean, ez da hala? Oraindik ere berbera aldarrikatu beharra! Onenean, hirugarren belaunaldia da. Azkena ote?
Bortz urteko June hiri batean bizi da eta bertan euskaraz bizi ahal izateko kontorsionista gaitasunak garatu beharko ditu. Adibidez, auzo urrunetako ipuin kontalariak gustatuko zaizkio beti, ez etxe ondokoak. Adinkide duen Maddi, aldiz, herri batean bizi da eta aske samar aukeratu ahal izanen ditu zaletasunak, gehientsuenak euskaraz izanen direlako. Dena den, hemendik urte gutxira garatu beharko du diskurtso bat bertan bizita euskaraz zergatik egiten duen erantzuteko, galdetu galdetuko baitiote.
Bi haur horien haurtzaro eta nerabezaroko mundu posibleak zirriborratu ditut ondotik, euskarak izanen duen tokia irudikatu nahian. Borroka ederren martxan, pentsatzen hasi naiz Hertzainak, Negu Gorriak eta Berri Txarrak trinitateari nork gehituko ote dion laukirako angelua. Gasteiz, Irun eta Lekunberrik sortzen dituzten periferia kontzentrikoak osatu ditzakete Maddi eta Juneren bizitokiek, ez baita kasualitatea salbuespen eraldatzaile horiek non sortzen diren.
Pentsa genezake Junek eta Maddik ezinen dutela euskaraz lan egin, Maddiren herrian ez delako lanik egonen eta, beraz, Junerena bezalako hiri batera joan beharko duelako erdaraz lan egitera. Edo, kontrara, joan-etorrian pasa egunaren puska bat (gasolinaren prezioak baimena ematen badio) berdin-berdin erdaraz lan egiteko.
Espekulazioan jarraitu dezakegu. Maddi eta June halabeharrez ari badira lanean hiri batean, hiriaren bazterren batean bilatu beharko dute etxea? Hiri berriko harremanak eraiki behar, lanekoak, bazterreko auzokoak... ozta-ozta bizitzeko. Eta erauzitako aukera guzti horien artean geldituko zaie arrazoirik euskarari eusteko?
Bortz urteko bi haur horien aitzinean argi dago bertze mezu batzuk ere behar dituztela, behar ditugula, etorkizuna gaurtik eraikitzeko. Hau da, ñabardura txikia badirudi ere, aldaketa handia dagoela "Hobe, bizi euskaraz" erratetik "Hobe bizi, euskaraz" erratera.