Inoiz ez aski euskalduna

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2022ko aza. 15a, 18:59

"Sentitu al duzu inoiz konplexurik euskaraz hitz egiterakoan?" galdetu nuen inguruan eta, euri gutxi bota ez badu ere, nik zaparrada izugarria jaso dut erantzunetan. Serieko hirugarrena duzu hau.

 

Aliziak esan zidan: “Konplexu pila bat! Euskaldunekin eta erdaldunekin. Euskaldunen artean askotan izan ditut konplexuak. Kakotxen artean esango dut euskaldun berria naizela (ez dakit zer den euskaldun berria izatea), baina tokatu zait euskaldun zaharrekin edo euskaraz kontrolatzen duen jende pila batekin aritzea eta hor agertu da nire konplexua: Euskal Herriko ertzeetakoa eta euskaldun berria naizelako. Nik ez daukat beste batzuk daukaten hiztegia, maila, doinua, hala ere badakit meritua badudala, baina batzuetan sentitzen ditut halako konplexu edo lotsak. Lan arloan tokatu zait ordezkari lanetan aritzea eta bileretara joatea Euskal Herriko ordezkari askorekin, mahai-inguruetan eta halakoetan ibiltzea... Hor bai sentitu naizela pixka bat lotsatuta. Pentsatzen nuen: begira besteek nola hitz egiten duten, nola kontrolatzen duten! Eta niri hasieran asko kostatzen zitzaidan hitz egitea besteen aurrean. Asko da euskara mailagatik edo hori zen nik uste nuena." Nekagarria da publikoki euskaraz edozer egiten den bakoitzean iruzkin sasifilologikoak jasotzea. Nekagarria, gutxienez. Izan ere, euskara akatsez garbitzeko tenplarioak ari dira gurutzada irabazten, bai, baina lepotik ordainduko dugu, solasten ez den euskaran nekez aurkituko baitute akatsik. Gainera, ez da izanen zuzentasunari gehiegi erreparatzen diogula bertze nonbait ditugun gabeziak ezkutatzeko?

 

Bide beretik, Leire: "Nik ere konplexua izan dut euskalkietan hitz egiten dutenen aurrean hitz egiterakoan. Izan dut eta badut. Askotan euren burua ni baino euskaldunagotzat izatearen jarrera "ezkutua" dutelako edota nik hori nolabait barneratuta dudalako." Arnasguneetatik kanpoko euskaldunentzat beti da EGA azterketaren eguna, gaizki erabilitako ergatibo batek ipso facto suntsitzen baitu Euskalduntasunaren Gaitasun Agiria, baina arnasgune batekoa bazara esazu "dogu" bat eta, Jauna, ni ez naiz inor zure euskalduntasunean sartzeko.

 

Maitaneren erantzunak: "Batetik, euskara batua euskaldun berriekin edo euskara "ortodpedikoarekin" (literalmente esan didate) lotzen dute oraindik ere askok, zoritxarrez. Gure euskara ez da berezkoa, naturala, gurea asmatua da, eta askorentzat ez da polita. Bestetik, betikoa: hemengoa izateko ondo egiten duzu euskaraz, seguru guraso gipuzkoarrak dituzula. Aurreiritzi horiek euskaraz hitz egiteko konplexua sortzen dute." Ez dakit halakoak botatzen dituztenak konturatzen diren gutxiespenaz, nahiz eta batzuetanumorez maskaratu.

 

Taktika eta estrategia aldatu behar ditugu. Gure inguruko euskaldunen arteanezin dugu jarraitubarreiatzen koska bat falta zaiela beti euskalduna izateko, guk espero dugun euskalduna izateko. Bagara gai horizontalago jokatzeko?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!