Yásnaya Elena Aguilar hizkuntzalariak horrela definitzen du hizkuntza: dena zeharkatzen duen lurralde kognitiboa, bizitoki dugun lurralde kognitiboa.Hortaz, bizitoki dugun heinean, berak dio ezin dela bereizi bizitoki fisikotik. Dena baldintzatzen duen etengabeko hautua da hizkuntza, funtzio komunikatiboa baino aunitzez ere zabalagoa duena. Ez dugu hizkuntza bat edo batzuk jabetzan, hizkuntza bat edo batzuk gara edo, guttienez, garen horren osagaietako bat da hizkuntza. Etengabe, egunero, ari gara hizkuntzaren (eta bertze hamaika aldagaien) bidez garena eraikitzen, eraldatzen; dena pasatzen dugu hizkuntzaren galbahetik.
Afera da hizkuntza hautu horiek baldintzapean egiten ditugula, Instagrameko filtro batzuk erakusten digutena bezain errealitate desitxuratuan oinarrituta. Abiapuntuko errealitate hori zein den neurtzeko saiakera txapuzeroan bi aldagai horiek bilatu ditut interneten, euskaraz eta gazteleraz. Hau da, "euskara nafarroa" eta "euskera navarra" bilatu ditut eta azken urteko lehen hiru emaitzak ekarri dizkizuet.
Euskaraz, lehendabizikoa Berriako iritzi artikulu baten titularra da: "Euskara Nafarroan: gutxietsia, eta halere mehatxu". Bigarrenak horrela dio: "0 eta 12 urte arteko haur bat duzu? eta euskaraz ikasten du? Adi, bada! eranafarroa.eus-en laguntza eta baliabideak aurkituko dituzu". Eta hirugarrenak Wikipediako artikulu batera garamatza: "Nafarroa Beherea edo, maila apalean, Baxenabarre".
Gazteleraz, lehendabizikoa El Español egunkariko artikulu baten titularra: "Euskara ez da Nafarroako berezko hizkuntza". Bigarrena Nafarroako Gobernuaren webguneko albistea da, euskaraz bilatzerakoan laugarren postuan agertzen zena, gazteleraz, eta horrela dio: "Nafarroako Gobernuak 'Euskera ahora' kanpaina aurkeztu du helduek euskara ikas dezaten sustatzeko". Hirugarrenak Eldiario.es egunkariko artikulu batera garamatza: "Euskararen erabilerak apur bat behera egin du Nafarroan, aldiz gazteenen artean gora".
Bonus track: frantsesez eta ingelesez bilatzerakoan emaitzak turismora bideratuta daude (zer bisitatu, non jan...). Horiek dira gure abiapuntuko errealitateak, nondik abiatzen garen, hizkuntza hautuak egiteko; hau da, ogi saltzaileari edo leihatila gibeleko langileari zein hizkuntzatan egingo diogun erabakitzeko. Armairuan hizkuntza bakarra duenak argi du interneten dena dagoela, internetek dena dakiela eta, gainera, sareak arrazoia ematen dio!