Ez adiorik, baina bai

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2022ko eka. 6a, 19:07

Zeinen zailak diren agur hitzak. Gaurkoa azken kolaborazioa izanen nuela erran zidatelarik ez nuen jakin zein gai ekarri eta, beraz, agurra bera izanen dugu solasgai.

Hizkuntza batzuetan norbait agurtzerakoan ez da singularrean egiten, hurkoa ekartzen da gogora, gizakiok plurala baitugu ezaugarririk singularrena. Bertzalde, maia hizkuntzetako batzuetan hasierako agurrak "Zer moduz zure bidea?" erran nahi du eta bukaerakoak ere bide ona opa digu. Norantza goazen? Auskalo! Baina bagoaz, eta geldi dagoela uste duena korronteak edo inertziak mugitzen du bere gogo edo borondateak beharrean.

Dena den, agurretan hitzak eskas izan ohi ditugunez hitzez haragoko agurrei erreparatu nahi diet. Keinu bidez adierazi dezakegu ez soilik bagoazela, baizik eta zein harreman dugun agurtuko dugun pertsona horrekin, zein klase sozialekoak garen, gizon edo emakumeak garen eta baita testuingurua nolakoa den ere. Goi klaseek kapela altxatzen zuten, munduko populazioaren zati handi batek arras argi du noren aitzinean makurtu eta osasun mentalarekin lotutako eritasun ohikoenen diagnosi testetan galdetzen da militarrek nola agurtzen duten elkar. Ez da berdin bertzearen masaila, eskuak, kopeta edo ezpainak musukatzea. Bostekoa, bere aldetik, luzatu dezakegu ala eman.

Are gehiago, Nerea Ibarzabali irakurri nion Kroazian badela Apurtutako Harremanen Museoa eta bertan gurtzen dituztela jada existitzen ez diren harreman horietan noizbait berezi izandako objektu arruntak: lorategiko gnomo bat, bizarra mozteko kit-a, gerriko bat edo ohar eta gutunak, adibidez. Hortaz, denboraldi hau akitzeko galdera luzatu nahi dizut, entzule: arrarotasun aldi honetan arrunt izan dugun zein objektu eramanen zenuke zuk Apurtutako Harremanen Museora?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!