Zer gara gu?

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2022ko mai. 24a, 19:27

Badu zerbait taldeak. Banaka guttirekin izanen ginateke gai ados paratzeko, baina elkarrekin gaudelarik batzen gaituenari erreparatzen diogu gehiago bereizten gaituenari baino.

 

Duela gutxi egon nintzen ehunka lagunekin batera ikuskizun batean. Aretora sartu eta, hara, gehien-gehienak emakumeak ginen, kasik denak: adin guztietako emakumeak, gehien-gehienak txuriak, hori ere bai. Eta pentsatzen hasi nintzen, hori baino lehen, noiz egona nintzen azkenekoz publikoan emakumeak nagusi ziren ekitaldiren batean (emakumeendako soilik zirenak kenduta, doike). Arakatu bai, bainon ez nuen deus aurkitu memorian; aldiz kontrakoaren adibideak nahi bertze. Baina zenbat indar eman zidan emakumez betetako areto horren irudiak! 

 

Talde-indarraren bertze adibide bat, klasikoena: manifestazioa. Oroitzen zarete noiz disolbatu zineten gizabanako gisa lehendabiziko aldiz talde-indar hori sortzeko? Ederra da sentitzea taldean baietz, gai garela aldatzeko, aldarrikatzen duguna betearazteko eta ez gaudela bakarrik.

 

Azken adibidea, preseski, emozioak kolektiboan kudeatzea. Psikologoaren lana gutxietsi gabe, nik osasun mentala zaintzeko modu paregabetzat dut taldean irri egitea. Aunitz zor diot umoreari. Joan den asteburuan egin nuen aspaldiko partez irri lehertzeraino, taldeak irria kutsatzeko duen gaitasun berezi horrekin, azkenerako irri egiteko motiboa irria bera izateraino. Edo taldean kantuan aritzea, hori baino terapeutikoagorik! Bada, Boliviako guaraniek penak taldean arintzeko negar kolektiboak ba omen dituzte, doluari halabeharrez bakardadea gehitu behar ez izateko.

 

Hiru adibide bertzerik ez, seguru zuk bertze hamaika modu dituzula talde-indarra bizitzeko. Niri itxaropen amiñi bat ematen dit, iduri baitu badirela gortleku txiki batzuk han-hemen denak hain berezi eta hain aparteko garela (garesti) saltzen diguten garai hauetan. Izan ere, gaur egun hauteskundeak garrantzitsuak dira, baina horrez gain egunero ematen dugu bozka, bakar eta mutu, kreditu txartel bidezko hautesontzietan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!