Hitz ugalpena

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2022ko mai. 2a, 18:21

Euskal Herriko toki batzuetan maiatzeko azken igandean ospatzen bada ere, Euskal Herriko bertze toki batzuetan atzo ospatu zen amaren eguna. Langileen nazioarteko eguna ere atzo izan zen eta, horregatik, salbuespen gisa larunbatean ospatu zen Nafarroaren eguna Baigorrin, bezperan. Baturan, beraz, ospakizunaren aitzakian, zorion mezu eta tokiz kanpoko esaldi besta ederra, bertzeak bertze. Eta horri erreparatu nion nik atzo, hitzei; nola polisemiaren komodinik gabe erranahia aldatu edo galduarazten diegun hitz batzuei. Gaur horretara natorkizue: nahasmenaren erdian hitzak arrantzatzera.

 

Badakizue adrendua hartzea zer den? Nik berriki ikasi dut zerbaiti adrendua hartzen diogularik horretan trebatu garela. Adibidez: "Iduri du lagunak hartu diola adrendua auto berriari". Adrendua hartu, ederra, trebetasun edo ikasitako hori ukigarri egiten du kasik. Hartu diot adrendua honi, harrapatu dut, neureganatu dut jakintza pusketa berri hau.

 

Bertzalde, ohartu berri naiz guk ttikitan “eltxitxu” deitzen genuen hori eltzeitsua idazten dela. Itsulapiko mila aldiz irakurriko nuen, eltzeitsu aldiz ez da maiz ageri begi parean. Badira hitz batzuk ahotan sarri eta begitan urri izaten ditugunak, ez da hala? Eltzeitsu, itsulapikoren sinonimorik absolutuena segur aski, da horietako bat.

 

Lekutu aditza. Nonbaitetik lekutu: giroa okertzen hasi zen eta segituan lekutu ginen handik. Ospa, alde, hanka, ihes egin. Lekutu. Beti baikaude lekuren batean, denak baitu lekuren bat, hau ez bada bertzea. Lekuzleku, lekutu, leku egin arte.

Badago hitz bat ezkontzetan, andregaiaren lagun joan ohi ziren emakumeetako bakoitza izendatzeko: aialdekoa. Ez dakit aialdekorik dagoen gaur egungo ezkontzetan, edo izana bera den lehendabizi galduarazi genuena, baina badugu hitz bat horretarako.

Ez dugu hitzik ordea aunitzetan, gehiegitan oraindik, aurtengo maiatzaren baterako. Alaine Agirreri irakurri nion badugula hitz bat gurasoren bat galdu duen haurrarendako, umezurtza da. Badugu bertze hitz bat bikotekidea galdu duenarendako, alarguna. Nola ez dugu izenik seme edo alaba galdu duen gurasoarendako?

Batzuk erraten dute hitzek ezin dutela deus aldatu, bainon hitz batzuk eta gero dena ez da berdin, atzo gogo onez botatakoak kasu. Dena den, arrantzatu badugu zerbait edo hitzak sortzeari adrendua hartu badiogu, ez gaitezen izan hitzen eltzeitsu, ez ditzagun lekutu izenak, leku egin diezaiegun izanei, ahotan zein begitan hitzen umezurtz eta alargun baikara. Eta emakumeok aialdeko hitzak behar ditugu atzorako.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!