Ezagutzen dut gizon bat harroa dena, bainon justu kontrakoaren itxura duena. Harrotasunaren estereotipoak barne biltzen du oihuka edo, guttienez, ozen solastea; gizon hau, aldiz, baxu-baxu aritzen da, ahapeka kasik. Batek pentsatuko luke, harroa izanik, nabarmendu nahiko duela beti, bular eta zango zabal jarriko zaizula parean, bainon gizon honek maiz zango bat bertzearen gainean paratzen du eta uzkurtu egiten da bere baitan; pentsa, afeminatu hitz gogaikarria erabili izan dute berari buruz aritzeko.
Banuen baita ere lankide bat arras ezjakina zena, bainon justu kontrakoaren itxura zuena. Iritziak ematen aritzen zen han eta hemen, berdin zitzaion gaia bat edo bertze izan, funtsean denek baitzuten zerikusi zuzena gizatasunarekin eta horrek arduratzen omen zuen bera gehien. Lanpetuegi zegoen bertzeen iritziak entzun edo irakurtzeko; bereziki, ezin tarterik aurkitu inguruko gizaki ezdeusekin eztabaidan aritzeko, bere mailakoen inguruan plazaratzen zituen herriak behar zituen hausnarketa sakon horiek. Paradoxikoa zen halere nola, bere iritziarekin egiten ez zuen bezala, gaiari zegokion aditu edo espezialisten datuekin beti bazuen susmoren bat, zalantzaren berrogeialdian ezartzen zituen a priori. Bere iritziak egia ziren, hedatu beharreko errebelazio urgenteak gainera, eta gustuko ez zituen datuak, berriz, iritzi, ikuspuntu soil.
Zenbat pentsalari, zenbat borrokalari, zenbat feminista sutsu eta zeinen aldaketa gutti. Zeinen konprometituak, eskuzabalak, onberak, langileak, apalak, garen eta beti gu solasgai.
Beharrik oraindik heldulekuak baditugun: isiluneak musikan, kolore zuria, gatza edo h hizkia.
Gaur astelehena, gaur martxoak 21, poesiaren nazioarteko eguna.