Egun bakarra onartu digute urtean aldarrikapen ausartak eta indarraldi erakustaldiak egiteko eta nik konfesatu behar dut, preseski egun honetan, joera dudala atzeguardiarako, gainerako egunetan ez bezala. Hau da, kaleak hartzea bai, pankartetako leloetan irudimena zorroztea ere bai, baina egunerokotasunean mimetizatzen diren keinu txikiak… horiek bai baietz!
Adibidez, miresmena ezetz erraten duenari; baina ez ezezko aseptiko horietako bat, “ez, mila esker”, baizik eta maite duen norbait mindu dezakeen horietakoa “ezin duzu hemen egon” edo “zuk ez”. Laudatuko ditut ahalegintzen direnak eginak erranekin parekatzen. Izan ere, bidea da borroka bakarra, hori ere irakasten digute egunero bizitzaren lubakietatik.
Hedaduraz, beraz, gaur gorazarre goizeko kafearen azken urrupan, behingoan, zalantza izpi bat onartu duenari: ni feminista? Gaur gogoan, behin sikiera, hitza ez hartzea erabaki eta isiltasuna kontrako eztarritik joan zaien horiek. Egun honek ekarriko ote du zerrenda bat egin eta, akitu aitzin, norbaitek emakumeak falta direla ez erratea?
Tamalez, hitzetara ekartzerako ezdeusak diruditen garaipenok behar ditugu oraindik ere. Hortaz, kontra egiten jarraitu behar dugu, bai, baina ez dezagun energia guztia horretan xahutu. Indar pilaketa are handiagoa ezinbertzeko zaigu behar dugunaren alde egiteko. Hots, irautea garaitu, bizi ahal izateko.