Gaur, otsailak 21, Ama hizkuntzaren nazioarteko egun izendatu zuen UNESCOk. Ama hizkuntza izendapena zaharkitu samar dagoela pentsatu nahiko nuke. Izan ere, amak goraipatzen dira hizkuntzaren transmisiorako elementu gako izateagatik eta rol hori badutela egia da, baina are egiago da hala dela etxera eta zaintza lanetara kondenatuta egon direlako gure ama gehienak eta halatsu segitzen dutela munduko ama gehienak ere gaurdaino. Etxeko zaintza lan ordaindugabe horien artean dago haurren heziketaren arduradun (batzuetan bakarrak) izatearena eta zaintzaren parte da hizkuntzaren transmisioa. Horra, katebegiz katebegi, zer goraipatzen dugun. Doike, transmisio lanik egin ez dutenak segituan jotzen ditugu errudun. Horiek ere errudun bakar. Beraz, azpiratzea ezkutatzen duen goraipatze horretatik urrundu eta egun honi izen berria asmatzea ariketa polita izaten ahal da gaur egiteko, adibidez.
Dena den, badaude bertze ospakizun batzuk ere. Irurtzunen atzo Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, Atakondoa eskolako guraso elkarteak eta Itxipuru taldeak eskualdeko hizkuntza aniztasuna mahaigaineratzeko ekimenak antolatu zituen, tartean munduko jolasak. Euskal PEN klubak, aldiz, poema-bideoen maratoia paratu du martxan. Garabide Elkarteak, Easo Politeknikoak eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO katedrak, bere aldetik, erakusketa ibiltaria dute “Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen” lelopean eta sareetan badago aldarrikapen txiki bat: 2030 Agendan bildutako 17 helburuei bat gehitzea, alegia 17+1, hizkuntza gutxituak iraunarazi eta sustatzea barne har dezaten helburuok. Bide horretan, UNESCOk berak izendatu du 2022-2032 Hizkuntza Indigenen Hamarkada.
Hala eta guztiz ere, lagun batek beti oroituarazten dit besta egiteko garrantzitsuena motiboa dela, zer ospatua izatea. Guk gaur ospatzeko duguna euskararen biziberritzea da, eta bereziki ospatu edo ospetu beharko genituzke biziberritzaileak. Mila adibide ditugu inguruan, konpromiso haundi edo ttiki bati esker euskarari arnasa eman diotenak. Eta arnasa zentzurik hertsienean, batzuk arnasguneak eta bertzeak arnastunak, euskaldunak, sortu baitzituzten. Akaso azkenean bai eginen diegu gorazarre amei gaur, baina gaurko egunaren izenak kanpo uzten dituen horiei, preseski, euskaldun gehienek gaur ospatzeko motiboa euskaraz ez zekien amari zor baitiogu.