Hego polora lehendabizi nor ailegatu zen, horra normalki kontatzen dena. Nork bere erresuma bilatzen du goraipatua izateko: herrialde jakin bateko lehendabizikoa izatea, lehendabiziko emakumea izatea (lehendabiziko erranik soilik ez baitugu emakumerik irudikatzen), lehendabizikoa izatealaguntzarik gabe, lehendabiziko elbarria, beti lehendabiziko izan behar zerbaitetan. Eta mainstream-egidenarendako, etsituta aitortu behar badu ezin duela deustan lehendabiziko izan, trankil, lehiaketa parareloa abiatzen ahal da abiadura ardatz hartuta.
Dena den, horrek ez dit interes handirik pizten niri. Kontrara, ezin dut burutik kendu, adibidez, konkistatu eta deskubritu nahi horren itzalpean abiatu zen espedizioetako bat horma artean trabatuta gelditu zela eta egoera hori konpontzeko hasierako plana esperoan gelditzea izan zen; hau da, itsasontzitzarra hormaz inguratuta dago ezerezaren erdian eta 28 tripulatzaileak hortxe, egonean, horma noiz urtuko zain. Ez dakit hori edo bertzerik zen egin zezaketen aproposena,ideia zipitzik ere ez, baina jarrerak liluratzen nau. Etxealdian egon garen bezalatsu aritu ziren marinelak kantari, musika jotzen, idazten eta argazkiak ateratzen, bertzeak bertze. Eta zergatik atera ziren? Ezin bertze gisa izan, horma blokeak txikitu ordez handitu zirelako eta, beraz, itsasontzia hondoratzen ahal zelako. Bertze modu batera errateko, arriskua handiagoa zen itsasontzi barnean kanpoan baino, ordura arte alderantziz izan bazen ere. Istorioa luzea da eta anitzetan kontatu da. Tripulazioa, bi urtez harat-honat aritu eta gero, osorik salbatu zuten. Aldiz, laguntzera bidali zuten barkuetako bat galdu eta erreskate ontziko 10 gizon hil ziren. To!
Azken xehetasuna: asmoz eta ekitez gizontasuna darionkontakizun honetan bada señora bat: Chippy andrea, Ezpal andrea, zurginaren katua zelako ezpal. Izen hori jarri zioten katuari eta, iduri duenez, estimu handitan zuten, maitakorbezain abila zelako. Tripulazioko 29. kidetzat omen zuten. Ez dakit nik hala izanen zen Ezpal andrea, egiazki, zurginaren emaztea izan balitz. Tiroz hil zuten katua ere, ez pentsa.