Eta zu, zer?

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2022ko urt. 24a, 17:37

Berdin da, elkar-ezagutzeko talde dinamika batean izaten ahal da, tupustean ogia erostera joan eta dendariarekin solasean ari zarelarik edo alokagai dagoen pisu bat ikusi bitartean. Galdera tranpa da, ez baitago erantzun egokirik. Bide orri bat omen dago eta, nonbait, ez zara betetzen ari, hortaz daude urduri, hortaz ekartzen dizute gogora, guttienez, hilabetean behin han eta hemen, bide-orriaren oroituarazle bat balitz bezala, dosi bat. Dena den, egiazki, berdin zaie erantzuna, baietza emanik ere ez baita inoiz aski. Eta zuk badakizu, horregatik saiatzen zara paso egiten, nahiz eta ez lortu (aitortuko ez baduzu ere).

 

Afera da axolagabekeriaren edo hitz aspertuen azpian badagoela mezu bat: hemendik pasa behar duzu edo, intsumisoa bazara, azalpena zor didazu. Sikiera, diskurtsoren bat eraikita beharko zenuke gaurgero. Etxebizitza alokatu edo erostea luxua bada, lana eskas eta prekarioa, eta produktiboa ez den edozertarako denbora loari ebatsitakoa, adibidez, hor konpon, ez niri kontuak eskatu, gidoiak hori dakar nire txandan; sentitzen dut zugatik, baina ez dut ardurarik hartuko. Ez etorri negarrez, neska, ez da hainbertzerako. Ez eman halako garrantziarik komentario ergel bati. Ez pentsatu gehiegi. Ez eman erantzun txarrik. Ez da gogo txarrez ari. Ezezkoak erortzen dira Tetrisean marra zuzenak bezala, lau segidan, pareta geroz eta estuagoak eraikiz hutsaren inguruan.

 

Aldiz, hutsune hori ozenegia da lagunartean, konfiantzazkoen artean. Inor ez da ausartzen galdetzen, gaia ateratzen. Inork ez du izan nahi gorrotatzen duen horren iduritsu. Gainezka egin arte. Solas egitea isiltasuna disimulatzea baino errazagoa den arte. Hori bai, kuadrillan gotorlekua eraikitzeko lau izkinak batzea lortuko bagenu, karratu txiki bat bertzerik ez! Orduan, akaso, Tetriseko makilak eraitsi, horizontalean lerrokatu eta errenkada osatzea lortuko genuke, errenkadan hasteko arazoaren oinarria ezbatzen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!