Aste honetan bertan lagun batek bideo bat pasa zidan. Elkarrizketa bat egina zioten Ekuadorreko APAK TV online telebista kitxuan rap kantari kitxua bati eta kontatzen zituenen artean bereziki deigarria iruditu zitzaidan ondorengo pasartea. Galde egiten zion aurkezleak nola hartu zuten etxean hiphoparekin zaletu izana eta erantzuten zion hasiera batean ez zutela inondik inora onartzen, delinkuentziarekin lotzen zutela kantagintza hori, gaizki hezitako jendea bertzerik ez zutela ikusten elkarri irainka. Abeslariakpenatuta erraten zuenetxean ez zekitela zer zen rapa, baina ulertzen zuela nondik heldu zen ezjakintasun hori. Gero, poliki-poliki, nolabaiteko onarpena lortu zuen, etxekoek pentsatzen zuten kantatzea ez zela probetxuzko deus egitea, baina sikiera jada ez zeuden kontra. Gaztaroan Kitora, hiriburura, joan behar izan zuen bizitzera eta han hasi zen estreinakoz jendaurrean. Oroitzen zuen exotikotzat zutela, inork ez baitzuen espero indigena bat oholtzan ─jantzi, ile luze eta txapelarekin─ are gutxiago rapeatzen. Harridura hori batzuendako irri-emangarria zen, bertze batzuendako onartezina eta bazen aniztasun kuota perfektutzat zuenik ere. Afera zen minutu batzuk pasa ondotik inork ez zuela ulertzen zer ari zen kantatzen kitxuaz eta harridurak indarra galtzearekin bat galtzen zuela interesa Kitoko publikoak. Gazteleraz ere saiatu zen, baina ez zegoen eroso kitxuaz abestu gabe eta, gainera, zerikusi zuzena zuen kantatu nahi zuenak kitxua izatearekin. Gero komunitatera, Ekuador iparraldera, bueltatu zen eta bertan ere erresistentziekin egin zuen topo. Komunitatean erreferente zirenengandik entzun behar izan zuen traizio egiten ari zitzaiola kitxua tradizioari, kitxua zikintzen ari zela edo horrelakoengatik zegoela kitxua gainbeheran. Hala ere, aitzin egin zuen eta elkarrizketan kontent, ilusioz, iragarri zuen kitxua raperoen festibala antolatzen ari direla bertako gazteek hala eskatuta.
Ezinbertzean etorri zitzaidan gogora nola gurean ere egon den eta baden tentsio hori, kanpokoendako baliorik ez izatea eta, aldi berean, barnekoengandik babesik ez jasotzea. Dena den, espazio hori da, hain justu ere, eraldatzaileena eta horregatik, preseski, gutxiagotuta gaudenok behar-beharrezkoa dugu bizirauteko. Erraza da alde bat edo bertze lortzea, hau da, kanpokoek inolako baliorik ez aitortzea edo etxekoak probokatzea, bietako bat. Aldiz, biak aldi berean lortzea konplikatuagoa da, batez ere toki hori behar duzulako ari bazara borrokan, existitzen ez dena mamitu behar duzulako biziraun ahal izateko; hori ez da hain erraza. Kantatu izan dugu lurrak emandakoa lurrean gelditzen dela, baina maizter izatearen kondenatik askatu nahi izateanola ez ulertu? Eta nola ez oroitu bertsolari feministen lanaz, adibidez, munduko bertze puntako elkarrizketa hau aditzerakoan. Jakinen balu Inmortal Kultura rap kantariak edo La Mafia Andinak ez direla bidea urratzen ari kitxuendakosoilik, guk erebehar ditugula...!