Ortzegunean hasi zen dena. Ortziralean Gasteiztik Iruñera joan behar nuen eta ez nuen autorik, hortaz green capitaletik hiri buruzagirako bidea garraio publikoan egitea pentsatu nuen. Treneko ordutegia kontsultatu eta hiru zeuden egun osoan; gainera, lehendabizikoa eguerdi aldera ailegatzen zen Iruñera, beranduegi nik behar nuenerako. Banekien autobus zerbitzua duela urte batzuk murriztu zutela, baina pandemia garaian joera areagotu da eta laura gutxitu dute zerbitzu kopurua.
Lehendabiziko autobusa ere berandu ailegatzen zen nik behar nuenerako, baina aukera onik ezean horren alde egin behar izan nuen. Hor joan nintzen, beraz, biharamun goizean txartela hartzera eta, hara non, maiztasunak beheiti egina zuen proportzio berberean egin zuen prezioak goiti: bederatzi euro pasa ordaindu nuen! Muturra okertuta sartu nintzen gero autobusera eta hor hasi zen bi orduko bidaia sentimentala. Uste dut hogeigarren geltokian edo, ez bada Saratsan Añezkarren, hor nonbait galdu zitzaidala lurraldetasuna. Iruñetik Zaragozara, Gasteiztik Bilbora edo Bilbotik Santanderrera autobusez joaten direnen artean ez dakit beti dagoen bihotz zatitu bat erdiz Euskal Herrian geratzen dena.
Alegia, politika autobusetan ere egiten dela. Lurraldetasunaz gain, pentsa zein poltsikok ordaindu lezakeen halako joan-etorririk maiz, pentsa mugikortasun arazoren bat izatekotan nola Odisea izateraino katramilatuko litzatekeen bidaia edo pentsa zein alde dagoen euren adinerako egokia den autoko aulki homologatuan bi haur eramatetik autobusean karrotxoa eta poltsak maletegian utzi ondotik haur bat soinean eta bertzea ondoan eramatera. Nonbait, autobus hori ez zen niretzako, ezta gurasoendako, ezta adinekoendako, ezta diruz juxtu dabiltzenendako (ERTEan edo langabezian egoteagatik, adibidez), ezta goiz edo maiz Iruñean egon behar dutenendako ere. Akaso hortaz ginen bortz bidaiari eta ez hamaika, nik nahi bezala.