Asteburuan milaka pertsona bildu ginen Baztanen Aroztegiako espekulazio urbanistikoaren aurka protesta egiteko eta, batez ere, landa eremuan bizi ahal izatearen aldeko aldarria egiteko. Bozeramaileak hitza hartu zuelarik arras ongi azaldu zuen "borroka hau ez dela baztangoa soilik, Euskal Herri osokoa baizik, herrien etorkizunaren aldeko borroka delako". Izan ere, segi zuen erraten, "herri bat, hizkuntza bat, komunitate bat erasotzen dutelarik herri osoa erasotzen dute, berdin Amazonian, Kolonbian, Palestinan, Donibane Lohitzunen edo Lekarozen". Ingurura begiratuta eta, batez ere, manifestaldiaren ondotik ostatuetako terrazetan ginauden jende andana ikusita errazago ulertzen zen masifikazioa, zer den herri ttiki batera jede uholdea ailegatzea. Salbuespena ezin da arau bihurtu.
Sistema honen garaipenetako bat da gugan oasiak sortzea. Zure barridearengandik urrundu zaitu aberats batengana hurbiltzeko, aberatsaren arropa, hizkera, hizkuntza edo bizimodua imitatzen duzulako edo horrekin amesten duzulako. Ilusioz jantzi digute bizitzaren helburua dela dirutan blai egoteko bide azkarrena hartzea, arrakasta hori dela eta lau aberats ikur bihurtu dituzte mezetara joan ordez horiek gurtu ditzagun. Aldiz, zure ondoan bizi denaren izena ozta-ozta dakizu, bainon ez dakizu nola bizi den, zein arazo eta poz dituen eta, segur aski, horiek bai direla zureen iduritsu. Zaharra da eskema, sakabanatu eta irabazi. Bereizita, banaka, ez baikara deus, elkar zapaltzera behartzen gaituzte bizirauteko, zure burua salbatu bertze baten bizkar. Biziraupenaren marko horretan mugak estuegiak dira, aldiz biziraun ordez bizitzera ausartzen bagara giltza komunitatean dugu, elkar zaintzan, denondako bizimodu jasangarriak eraikitzen. Manifestazioaren bukaeran erran zuten bezala "sinestarazi nahi digute borroka egiteak ez duela merezi, baina aberatsak lau dira eta gu herri oso bat lurra, kultura eta bizitzaren defentsan".