Emakumeok nahi ditugun eskubideak eta nahi ez ditugun gizonak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2021ko mai. 3a, 15:09

Ekuadorren berriki legalizatu dute bortxaketa baten ondorio den haurdinaldia eteteko aukera, orain arte ez zegoen horretarako eskubiderik. Gai honen inguruko atzera begirakoa egiten badugu, Ekuadorreko lehen Zigor Kodeak 1837an abortuak praktikatu edo aholkatzen zituzten medikuak, zirujauak eta emaginak zigortzen zituen, ez abortatzen zuten emakumeak. Izan ere, garai hartan emakumeek ez zuten eskubiderik eskubideak izateko ere, ez Ekuadorren, ezta mundu osoan ere. Hamarkada batzuk beranduago, 1872an, Ekuadorreko bigarren Zigor Kodea ezarri zuen García Moreno kontserbadore eta elizkoiak. Ordurako, munduaren bertze puntan, sufragistak hasiak ziren bozka eskubidearen alde borrokatzen eta, beraz, emakumeek eskubideak bazituztela aldarrikatzen. Testuinguru horretan, Ekuadorreko bigarren Zigor Kodeak bai ezartzen zizkien zigor gogorrak abortatzen zuten emakumeei, "familiako ordena eta moral publikoa" babestearen aitzakipean. Zigorra arintzeko kausetako bat zen "ohorea urratu izana estaltzeko" abortatu izana, hau da, bortxaketa baten ondoriozko haurdunaldia etetea. Denboran salto egiten badugu XX.mende hasierara ikusiko dugu nola Alfaroren garaitik historiara pasa dena elizarekiko haustura izan den, tartean eskola publiko laikoa hedatzea Ekuadorren. Hain maiz aditzen ez dena da garai berean Zigor Kodeak aldaketa handiak izan zituela, bertzeak bertze, legala izan zedin gizon batek bere alaba, biloba edo ahizpa hiltzea larrua jotzen harrapatzen bazuen edo senarrak emaztea hiltzea adulterioa dela eta. Abortuari dagokionez, aitzineko ikuspegi eta emakumeenganako zigor gogorrak mantendu ziren. 1938an, lehenengoz, familia eta moralaren ordez "bizitza" zen babestu beharrekoa eta orduan legalizatu zen abortatzea, soilik bi kasutan: amaren osasuna edo bizitza arriskuan bazegoen eta osasun mentaleko arazoak zituzten emakumeak bortxatzearen ondoriozko haurdunaldietan. Duela 80 urteko araudi horri eutsi zioten 2014an Zigor Kodea aldatu zenean ere.

Zigor Kodearen ordez Ekuadorreko Konstituzioari begiratzen badiogu, 1945etik gaur arte hainbat jarrera aldaketa izan ditu gaiaren inguruan, beti emakumearen kaltetan hizkuntza kiribilduz: adibidez, erraten zuenean "Estatutak amatasuna, ama eta haurra babestuko ditu, aurrekariak kontutan izan gabe", erran nahi zuen berdin ziola nola eta zergatik zegoen emakumea haurdun, Estatuak bere indarra erabiliko duela haur hori izatera derrigortzeko. Edo 78ko konstituzioak "haurra kontzepzio momentutik babestuko da" erraten zuenean, zuzenean ama ezabatu zuen eta horrekin baita bere eskubideak ere.

Beraz. ospakizun gazigozoa da, hemendik aitzin, Ekuadorren bortxatu eta horren ondorioz haurdun dauden emakumeek erabakitzeko aukera izatea. Batetik, nekez ospatzen ahal delako bortxaketa batekin hasten dena eta, bertzetik, ezinbertzean gogora ekartzen baitu oraindik ere bertako emakume aunitzek nahi ez dituzten haurrak ekarri behar dituztela mundura, ez zaiela aitortzen erabakitzeko eskubidea. Eta, hala ere, Ekuadorreko aurrerapausoa ospatu behar dugu munduko emakume gehienek ez dutelako horretarako eskubiderik gaur egun. Eta ez pentsa gurean salbu gaudenik, Euskal Herrian eta bereziki Nafarroan aski ongi dakigu bortxatzaileak guttitan eta arin zigortzen ditugula, ez dugula fokoa gizonengan jartzen, ez soilik ez daitezen bortxatzaileak izan, baizik eta kolektibo gisa indarkeria matxistaren eragile diren aldetik denek erantzukizuna har dezaten. Hemen eta orain abortua emakumeen kontua da eta jarraitu behar dugu aldarrikatzen nahi ditugun haurrak soilik izateko eskubidea dugula. Ez dugulako erraten nahi ez ditugun haurdunaldien abiapuntuan, preziski, nahi ez ditugun gizonak daudela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!