Papaloteak hegaldatzen

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2021ko api. 19a, 18:24

“Denok izan dugu eguraldia hizpide inoiz”, hala hasten da Sakanako Guaixek Mexikoko yukatango penintsulako tokiko hedabide batean argitaratutako azken artikulua. Bai, munduaren bertze aldean euskaraz eta bertako hizkuntzan, yukatango maiaz, irakurri daitezke artikuluak hilabetean behin. Sakanan ere nabarituko zuten noizbehinka argitaraten dituztela apostrofez betetako testuak urruneko irudiez lagunduta. Elebitan dauden testu horiek truke baten ondorio dira, euren hizkuntzan aritzen diren bi komunikabide senidetu baititu hizkuntza lankidetzak Garabide Elkartearen bidez.

Hizkuntza gutxituek aunitz dugu elkarrengandik ikasteko, baina ezagutzen al dugu hizkuntza komunitate gutxiturik? Oro har, erranen nuke gutti dakigula bertze hizkuntza gutxitu baten kulturaz, identitateaz, egunerokoaz. Hortaz, ekimen interesgarria iruditzen zait hurbilketa ariketa hau. Senidetza honi esker ikasi ahal izan dut “finatuen eguna” ospatzeko biltzen dela maia komunitatea edo “gure hitza erresistentzia da” aldarrikatzen duela yukatango maia hizkuntzan olerkiak sortzeko sortu den emakume taldeak. Olatu espansiboa dute testu motz hauek nigan.

 “Yukatango penintsulan, maien lurraldean, hau omen da garairik onena papaloteak (kometak) hegaldatzeko; toki batzuetan, gau osoa eman dezakete zeruan.” Hala akitzen da yukatango maiek  Guaixen argitaratutako azken artikulua. Gogora ekarri dit guk ere badakigula zer den hegaka-hegaka aritzea, txori izaten tematzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!