Joan den otsailaren 26an UEUk antolatu zuen "Komunitateak eta bizi eredu berriak ehunduz" jardunaldia eta hiru gairen inguruko Euskal Herriko esperientzia zehatzak plazaratu ziren: zaintzak, sozioekologia eta autogestioa. Denak ezin laburtu, baina gustatuko litzaidake aipu batzuk ekartzea.
Zaintzen mahai-inguruan "Trabajadoras no domesticadas"-eko kideak, Batera zaintza taldea eta Artea herriko bentako ordezkariak aritu ziren esperientzia trukean. Azken honetako kide den Olatz Talaveraren hitzetan Arteako esperientziak bi lanketa egiten ditu: "Errefuxiatuen harreraren zergatia salatzen dugu etengabe eta, aldi berean, herria antolatzen aritzen gara harrera beharrezkoa den bitartean erantzuteko gai izan gaitezen". Salatu eta herria antolatu, egunerokoan biak uztartzearen garrantzia nabarmentzekoa iruditzen zait, bertze hainbat gizarte ekimenerako baliagarri.
Bere aldetik, Larreko mahaiko Lorea Floresek perfiletan jarri zuen fokoa, bertzeak bertze, honakoa erranez: "ekologiaren bueltan bi perfil ditugu: ohiko militanteak, 50 urtez goitiko gizon zuri, buruzuri eta euskaldunak batetik; bertzetik, Fridays for future-ren gisakoetatik etorritako 30 urtez azpiko emakume ez beti zuri eta ez beti euskaldunak. Horrek hizkuntza talka ekarri zuen. (...) Egun neskak ez daude talde motorrean". Nire ustez, militantzia eredu berrietan auzi garrantzitsua dugu jokoan oraintxe Euskal Herriko gizarteko alor anitzetan eta, ondorioen bistan, erantzunarekin asmatzeko formulak pentsatzeari energia gehiago eskaini beharko diogula uste dut. Halaber, Floresek hau aipatu zuen aurrera begira: "erronka da larrialdi ekologikoari buruz aritzeko Euskal Herriko artikulazio gune bat sortzea. Nolako Euskal Herria nahi dugun elkarrekin hausnartu eta alternatibak kolektiboki proposatzeko". Nire ustez, nekez izanen dugu hau baino momentu hoberik gure eguneroko ekintzen ondorio edo inpaktua neurtu eta nolako herri, auzo edo komunitatea nahi dugun elkarrekin pentsatzeko.
Azkenik, Zaldibar argitu plataformatik Jokin Bergarak nerbio antropologikoari egin zion erreferentzia bere hitzartzearen bukaeran eta identitatea kontsumoan eraikitzen duen gizarte batean autokontentzioa praktikatzearen alde egin zuen neurriz kanpoko kontsumoa geldiarazteko eskura dugun baliabide gisa eta aberastasun inmateriala hauspotzera gonbidatu gintuen. Horretarako ere bada tenorea: zertan gara aberats(ago) edo probe(ago) azken urtean?