Bestondoaren apologia

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2021ko ots. 22a, 14:51

Atzo, urtero bezala otsailaren 21ean, ospatu genuen munduan ama hizkuntzaren nazioarteko eguna. Ama hizkuntza terminoaren ustezko egokitasun edo desegokitasuna alde batera utzita, aipatzekoak dira Euskal Herrian atzokoaren harira antolatutako ekimen xume bezain haundiak. 

Batetik, Egunkariaren itxieraren biharamunean sortu zen Euskal PEN klubak antolatu zuen "Anti" filmaren online proiekzioa eta, ondotik, horren inguruko solasaldia. "Anti"-k 18 minututan biltzen du nola 1921ean Parisetik Bizkarsorora ailegatutako maistrak bortxatzen zituen herriko haurrak frantses hutsean solastera, euskaraz solasten zirelarik gogor zigortzearen bidez, gainera. Zuzendaria Josu Martinez da, Egunkariaren itxierari buruz berriki estreinatu den "Paperezko Hegoak" dokumentalaren egilea Samara Velterekin batera. Atzoko tertulian zuzendariaren ondoan gaian jantzitako bi gizon: Gaizka Aranguren eta Urtzi Urrutikoetxea. Dena etxetik eta debalde eskura.

Bertzetik, Sakanako Guaixe duela urtebete senidetu zen Mexikon bere hizkuntzaren alde borrokan ari den tokiko komunikabide batekin: Radio Yuuyum online irratia. Bertako hizkuntza yukatango maia da eta urtebete joaki dute nor bere hizkuntza eta kulturari buruzko artikuluak trukatzen, ele bitan gainera, euskaraz eta yukatango maiaz baitaude testu guztiak. Horri esker jaso ahal izan dugu, primizian, nola ospatzen duten yukatango maiek urte berria edo nola sortu zen yukatango maiaz idazten duen emakumezko olerkarien taldea, bertzeak bertze. Sakanatik zer esportatu duten jaiteko Guaixeren webgunean sartu beharko!

Hortxe atzoko bi ekimen, euskaratik mundura sortuak, norberak ebatzi dezala haundiak edo ttikiak diren edo bertze parametro batzuen arabera neurtu behar diren. Eta atzo besta bazen, hauxe, biharamunetik, nire bestondoaren apologia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!