Asteko egun bakar batean ere ez zirudien Enarak orduko neskatila erosta hura, hain alaia non batzuetan haur txiki bat zirudien ia. Asteazkenetan, ordea, bai, beti. Niri —herritik etorria nintzen arren— natura bertzela begiratzen, bizitzen erakutsi zidan berak, gaurdaino ez dakit orduan horretaz ohartzen zen. Lohia begiratzen ikastearekin liluratzera ailegatu nintzen, pentsa! Elkarri ongi ulertzen genion, bainon bertzeek ez gintuzten ulertzen. Sinpleegiak ginen, nonbait. Garaipena izan zen igogailuaren erbestea lortzea, nahiz eta baldintzapean izan: etxeko bazter guztietatik aditzen genuen dutxako ura erortzen. Nire ustez, pisu desordenatu hori gustatzen zitzaion bazekielako inoiz ez zuela emanen hantxe astebete segidan baino gehiago, ongi hezia zen gero. Arkaitzek erraten zuen aberatsak esker onez direla materialistak, ez diru-gosez, baizik eta ongi heziak direla erakusteko. Kasu honetan Arkaitz bezalakoen bertzelakotasunak balio terapeutikoa izan du nire pazientzia murritzarentzat. Oroitzen naiz "akaso" erantzun nuelarik hasi zela dena eta egiazki ez nuen pentsatu ere egin, ordurako banekien gure arteko harremanak adi egonarazten ninduela, bainon susmo hutsa zen tentsio bareagoko guneak beharko genituela. Luze aritu ginen isolamenduaz, gerora aldika irrika, zigor eta behar izan den hori. Joan den asteazkenean erran zenidan ezkontza legalak oinarri-oinarrian dituela bi printzipio pozoitsu: disolbaezina izatea eta ezkontidearen jabe izatearen ideia. Figura literarioak, nonbait, helduleku huts. Zer pentsatua eman zidan. Gaur arte ez dugu igogailurik, baina hizkuntza bera da aldamioetan utzi digutena. Ez gara aski xauli goiti eta beheiti ibiltzeko edo, akaso, izututa bertzerik ez gaude. Zinez, izugarria litzateke zalantza egitea ez ote dugun inoiz elkar ulertu orain bezainbertze.