Euskaraldian randi-randi

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2020ko aza. 23a, 14:52

Euskaraldiaren aitzakipean hizkuntzarekin jostetan aritzea gustatuko litzaidake, kitxuen hizkuntzan randi-randi deitzen den hori euskaraz praktikara ekartzea. Randi-randi kontzeptuak biltzen duena da ematen denaren eta jasotzen denaren artean oreka mantentzea. Nik euskarari esker aunitz jaso dut eta jaso bezain bertze bueltatzea ezinezkoa izanen bada ere uste dut ahalegina ez dela hutsala izanen. Errate baterako, bada turkierazko esaera bat etxekotu nahiko nukeena: "Mahatsak, elkarri begira badaude, ilundu egiten dira". Honekin turkieraz erran nahi dute kasu egin behar dugula nor dugun inguruan, horien eraginpean heldutuko baikara gu ere. Bertze modu batera errateko, denbora norekin ematen dugun hautu haundia dela, finean denbora bizitza baita eta bizitza nori eman ez baita erabaki makala! Pandemia garairako irakaspen bereziki interesgarria iruditu zait euskarara ekartzeko. Horrekin batera, bertzalde, iduritzen zait euskaraz behar dugula bulgarierazko "Ailyak" (segur aski gaizki erraten ariko naiz, barmena eskatzen diet bulgariar euskaldunei) pixka bat, hau da: "egin beharrekoak lasai, presarik gabe eta prozesua bera goxatuz egiteko gaitasuna". Ez du izenik honek euskaraz eta, beraz, izanik ezta ere, baina badugu bulgariarrengandik zer ikasi. Twitterren #hitzokei traolarekin biltzen dituzte euskarari egindako ekarpen berriak eta nik ez dut asmatu oraindik "Ailyak" euskarara ekartzen; Euskaraldiaren aitzakipean, jolasa proposatzen dizuet: arituko gara auzolan linguistikoan, hau da, euskara bertze hizkuntzekin aberasten? Euskararekin dugun harremana aldatzeko saiakera kolektiboan ari garen honetan, harreman hori ere randi-randi izan dadin, hartu eta eman.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!