Gurea gutxiagotutako komunitate bat da hizkuntzaren ikuspuntutik, horretan ez dago dudarik, baina badira Euskal Herrian bertakoak diren bertze hizkuntza gutxituak, bi gutxienez, eta nire ustez ez gara behar bertze ahalegindu elkarrengana hurbiltzen, ez bederen euskararendako aldarrikatzen ditugunekin koherente izateko behar bertze. Zeinu hizkuntzei buruz ari naiz. Pertsona gorren hizkuntza naturala da zeinu hizkuntza eta Euskal Herriko gorrek euskara, gaztelera edo frantsesaz gain zeinu hizkuntza dakite: LSF ipar Euskal Herrian eta LSE hego Euskal Herrian. Ez egin gorsplaning-ik, faborez, gorren komunitatea ezagutzen ez baduzu ez dadila izan zure lehen esaldia euskarazko zeinu hizkuntza bat sortu behar dela. Eta zure barneko inperialista ateratzen bada saiatu baretzen, faborez, ez dago eta ez dugu nahi munduko gor guztiendako zeinu hizkuntza bakar bat, munduko entzule guztiendako hizkuntza bakar bat nahi ez dugun bezala.
Afera da gorrek urte aunitz daramatela hizkuntza biziberritze lanetan, beraien identitatea eta hizkuntza eskubideak aldarrikatzen edo, adibidez, hizkuntza irakasten gor zein entzuleoi, euskararen alfabetatzearekin bezalatsu. Eta, aunitzetan, irudipena dut bide paraleloak direla zeinu hizkuntza eta euskararenak herri ttiki honetan. Doike, komunitate bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu eta, hortaz, bere bidea egin behar du, bainon bistakoa da baita ere zapalkuntzaren oinarria konpartitua den heinean badugula elkarrengandik zer ikasi, munduko bertze hizkuntza guttituengandik ikasten dugun bezal-bezala. Hortaz, sakonki poztu nau elkarrengana hurbiltzeko saiakera ttikiak ikusteak. Adibidez, maila sinbolikoan joan den Korrikaren harira AEK eta Euskal Gorrak federazioa instituzionalki hurbiltzen ikustea eta, are gehiago, Korrikan bertan Euskal Gorrak federazioaren kilometroan antolatzaileek musika itzali eta mikrofonoetatik oihu egin ordez zeinu hizkuntzaz laguntzea bidea egiten. Maila praktikoan, Euskal Gorrak federazioak "Zeinulagun" programa paratu berri du martxan, Euskaltzaleen Topagunearen "Mintzalagun" programa etxekotu dute zeinu hizkuntzara eta, gainera, pandemia garaian bitan "etxekotu" ere, online egin ahal izateko. Pauso txikiak, bai, bainon "Gu" honen baitako "gu"-ak biltzerako bidean emanak, hortik etorriko baita klika sistema eragilean.