Polononia sutan dago, ortziralean 60 herri eta hiritan egon ziren manifestazioak, larunbatean 91 herri eta hiritara zabaldu ziren eta igandean 100eko langa pasa zuen. Zergatik? Ortzegunean Poloniako Konstituzio Auzitegiak, parlamentutik pasa gabe, abortuaren kontrako legea are gehiago murriztu zuelako.
Eman dezagun testuinguru pixka bat: Poloniako populazioaren %90 inguru katolikoa izateaz gain poloniarren identitatearen eraikuntzan izugarrizko garrantzia du erlijio katolikoak, historia ez hain urrun eta bai arras ankerrean herri nortasuna mantentzeko ezaugarri garrantzitsuenetakoa izan baita. Bertzalde, parlamentuan 2015etik Legea eta Justizia izeneko alderdi ultra-eskuindar, kontserbadore eta euroeszeptikoa dago boterean. Alderdi hau Europako parlamentuko ECR taldean dago, bertzeak bertze, VOXekin batera. Horrez gain, komeni da gogora ekartzea duela urte batzuk ari dela Poloniako gobernua auzitegi nazionala bereganatzen, botere judiziala exekutiboaren menpe paratzen. Hain da larria egoera Europar Batasunean salatu zutela botereen arteko bereizketa oinarrizkoena urratzen ari zela Poloniako gobernua.
Testuinguru horretan pentsatzekoa da Poloniak dagoeneko bazuela abortuaren kontrako lege gogorrenetako bat Europan. Ortzegunera artio lau kasutan bakarrik zen legala abortatzea: bortxaketagatik, inzestoagatik, amaren osasuna edo bizitza larriki arriskuan zegoen kasuetan eta fetoak malformazio larriak zituenetan. Hain zuzen ere, azken kasu hau, fetoaren malformazioena, da ortzegunean konstituzio epaitegiak debekatu zuena. Hau da, hemendik aitzin Poloniako emakumeek ezinen dute abortatu, adibidez, fetoak bizitzeko organoak falta dituenean edo organo horiek gorputzetik kanpo dituenean edo fetoa sortu aitzin hilik dagoen kasuetan. Honek, praktikan, abortua bera ilegal bilakatzen du Polonian. Izan ere, Polonian mila emakumeko 0,06k abortatzen du (Euskal Herrian 150 aldiz handiagoa da zifra) eta Poloniako abortu legal horien artean %97a da fetoak malformazio larriak dituelako. Beraz, legalki egiten ziren aborto gutti horiek guztiak debekatu nahi ditu gobernuak. Erran behar da horrez gain Poloniako 80.000 eta 120.000 emakume inguruk abortatzen dutela urtero atzerrian, horretarako dirua badute doike, eta abortu klandestinoen zifrak zailak dira lortzen, baina ez da sekretua altuak direla, hortaz da protesta hauen sinboloetako bat pertxa, abortu klandestino horietako aunitz egiteko tresna den pertxa.
Ortzegunean Konstituzio auzitegiak erabaki misoginoa hartu zuen Polonian, parlamentutik pasa gabe, gainera, eta emakumeen oinarrizko eskubideak are gehiago urratu zituen. Horregatik hartu dituzte kaleak emakumeek eta horregatik babestu dituzte beraien inguruko gizon eta haur aunitzek, baita atzerrian dauden poloniarrek ere. Eskubide urraketa izugarria, modu ez demokratikoan hartua eta pandemia baten erdian, Europaren erdi-erdian dagoen estatu batean eta, hala ere, Europaren erantzuna eskasa izan da, bai politikoki, bai mediatikoki. Eta gu, noiz arte egonen gara zain, zer gehiago jasan beharko dute poloniako emakumeek guk erreakzionatu aitzin?