Irrati sasoi honetan hondar aldiz utziko didate gaur mikrofonoa Euskalerria Irratiko kideek. Hau izan da nire lehendabiziko denboraldia eta azken tarte honetarako estreinaldiko hitzak aditu ditut berriz: "hau bidai sentimental labur baten kronika da" erranez hasi nintzen eta, hara, orduan ez nekien bidaiak zenbateraino irauliko zuen mundua. Nere hondar tartea "alde egitea zilegi balitz" erranez akitu nuen eta, hara berriz, bukaera borobila iduritu zait. Beraz, gaurkoak, halabeharrez, bis-a izan beharko du, inork eskatu ez badit ere.
Irudikatu soka bat, baina hain fina, hari bat izan daitekeela korapilatzeko duen gaitasunagatik. Lokarriak askatzeak ez du halabeharrez bidea errazten. Hori da paradoxa, bai ordenari, baita ordena hausteari askapena dariela. Erran nahi dut mila istorio daude kontatzeke, hemen hitzetara ekartzen ez baditugu bertze nonbaiteko isiltasun inposatuaren garaipena izango direnak. Akaso ahots ozen eta ezagunenak isildu eta hementxe ditugun betiko ahots berri ixilduak entzutea uste baino ekintza eraldatzaileagoa da.
Konfesatuko dizuet gustoko dudala irratia inguratzen duen misterioa. Adibidez, beti irudikatzen zaituztet eta segur aski ez dut sobera ongi asmatuko entzuleak zirriborratzen. Hori dute pertsonek, sorpresarako gaitasun infinitoa. Pentsatu duzue inoiz badirela sekretuak gordetzeko espezifikoki diseinatutako muebleak? Eta, denboraren poderioz, idazkariei izena eman diete mueble horiek frantsesez eta gazteleraz, adibidez. Nik pentsatu nahi dut irratia misterioak godetzeko diseinatutako gailua dela eta, denboraren poderioz, izena emanen diola euskaraz orain arte amestu ere ezin dugun horri.