Azaletik bada ere, pentsamenduan oihartzuna eragin didaten hiru afera kontatu nahi dizkizuet.
Lehendabizikoa duela guti irakurri nion lagun bati. Berak erraten zuen hondar hilabete hauetan halabeharrez ikasi dugula egoten, egiten aritu ordez. Egotea eta egitea, yin eta yana ote?
Bigarrena, ikerketa bat. Motzean kontatzeko, berdinzaleak diren edo feminismoarekiko nolabaiteko konpromisoa duten Euskal Herriko bikote heterosexualak dira subjektu, haurrak izateko bidean daudenak. Haurrak izan baino lehen etxeko lanak nahiko modu orekatuan banatzen zituztela erran zuten eta, haurraren zaintza lanei buruz galdetuta, hala segitzeko espektatiba zuten haurra sortu ondotik. Ikerketaren bigarren fasea haurra koxkortuta zegoelarik izan da eta hiru ardatz izan ditu: presentzialismoa, disponibilitatea eta aurreikuspena. Iduriz, zaintzan emandako denbora fisikoa nahiko orekatuta egon da gehienetan. Aldiz, disponibilitateari begira, hau da, adibidez, haurra eritu dela eta bat-batean medikura eraman behar delarik amak izan dira gehiagotan "disponibilitate" hori bermatu dutenak, horretarako bideak bilatu dituztenak (batzuetan, profesionalki "ez haztearen" prezioan). Azken ardatza aurreikuspena izan da, erran nahi baita, nork pentsatzen, planifikatzen, koordinatzen duen egunerokoa: bazkari kontuak, denbora librea non, nola, norekin pasa, mediku edo osasun aferak, arropa bera (bati eskatu, bertzeari eman edo erosi)... horiek denak, egunerokoaren koordinatzaile nagusi edo CEO. Lan hori, alde haundiarekin, amaren bizkar egon da. Egotearen eta egitearen hirugarren zangoa.
Azkenik, "indibidualismo heroikoa"-ren kontzeptua ezagutu nuenetik bueltaka dut gogoan. Lan eredu bati erreferentzia egiteko erabiltzen da, gehienetan konpromiso pertsonal handiari lotutako inguruetan. Eredu horrek sustatzen du lan ordutegiaz harago aritzea, kausa baten alde "sakrifizio" pertsonal nabarmenak egitea eta pertsona horiek aitortza sozial handiagoarekin saritzea, nahiz eta norberaren edo ingurukoaren zaintzaren kontrako eredua izan.
Erraza da balkoitik zelatatzea eta zelatatzearen kontra egitea. Baina alde egitea zilegi balitz...