Gutun eta kutun

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2020ko mai. 4a, 15:41

Zer gisa zabiltza edo zabiltzate? Espero dut bai zuek, baita zuen ingurukoak ere ongi egotea. 
Horrela hasten dira orain gure elkarrizketak, idatziz zein ahoz. Ni, egia erran, telelanez gainezka nabil, bainon zorionez buruko minak dira nire osasun arazorik larrienak. Dena den, mezu eta bideo-dei trukaketa etengabe honetan, gurutzatzen ari zaizkit memeak, artikulu sakonak, hurbilekoen kontakizunak, zifrak, grafikoak, erronkak, txaloak, protestak... batetik bertzera saltoka nabil, ipurdia mugitu gabe ezin geldirik egon. 
 
Ozeanoz bertzaldeko lagunak, aldiz, estuago ditugu, bederen ezagutzen ditugun Kolonbiako nasa komunitatean, Guatemalako kaqchikel eta k'itxe komunitateetan edo Ekuadorreko kitxuen artean. Albistegietan agertzen dira eta seguruenik izanen duzue egoeraren berri, beraz ez dut uste merezi duenik zifrak hanpatzea. Bai erran, niri soriken, arras gogorra egiten zaidala ikustea, egunek aitzinat egin ahala, zeinen zaila zaien aunitzei (gure kexen motibo den) "etxean gelditu" jarraibideari lotzea, nola egiten duten kanporako bidea familia lau pareten babesean ikusirik, jakinik birusak hiltzen ahal dituela, bainon goseak seguru. Ez dut deus berririk erran, bainon hori pentsatze hutsak lurrikaratxo bat eragiten dit niri, aldika astintzen nauen oroituarazpen moduko baten gisan, ez nadin sobera laketu (betiko) normaltasunean. 

Kitxuek beraien hizkuntzari kitxua edo "runa shimi" deitzen diote, gizakiaren hizkuntza. Hori aditurik iduritu zait etxekotzeko modukoa dugula kontzeptua, helduleku ona izaten ahal dela garai hauetan gure hizkuntza gizatasunari lotzea, gizaki egiten gaituenaz atzendu ez gaitezen, bizitza erdigunean paratzea ez baita erretorika hutsa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!