Martxoaren 9a, astelehena, atzo kaleak hartu genituen, lelo feministak oihukatu genituen
eta egunerokoan egindako lan isiletako batzuk lehendabiziko planora ekarri genituen. Txalo
den-denei, mundiala da pausorik-pauso lortzen ari zaretena. Atzokoren bestondoa izanen
da, bainon gaur bizitzak aitzina segitzen du eta aste hasierak gure etxera ekarri dituen bi
egitekori erreparatu nahiko nioke. Bi lanak dira iraupen beretsukoak, ordubete inguru,
pertsona bakarrak egiteko lanak dira biak eta prestaketa eskatzen dute, aitzinetik formazio
edo/eta esperientzia izatea. Konponketa lan gisa definitzen ahal ditugu biak. Orain arte
berdintsuak iduri dute, baina badaude ageriko desberdintasunak, adibidez: batengatik 90
euro ordainduko dugu eta bertzeagatik 5 euro inguru. Gainera, segur aski ez dugu sobera
pentsatuko horren inguruan, normaltasunaren armairuan ongi ordenatuta baitugu horrela
dela, horrela izan dela beti eta akaso azaleko justifikazioren bat ere izanen dugu horrela
izaten jarraitu dezan. Galtzak jantzi ahal izatea emakumeen borrokaren ondorio izan zen,
bertze garaipenetako bat izan zen etxetik kanpo lan egitea, baina gaur egun askatasunaren
sinbolo izan ziren galtza horien azpildurak josteagatik 5 euro ordaintzea normala da. Zer
pasatuko litzateke garbigailua konpontzeagatik 5 euro ordainduko bagenu? Jostunari
emakume aurpegia paratu badiozu eta garbigailu konpontzaileari gizonarena ez da
kasualitatea, ez da kasualitatea ustezko normaltasun horren barnean bi soldata horiek
kabida izatea. Atera, beraz, normaltasuna armairutik.