Euskara, abere edo pizti?

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2020ko ots. 10a, 15:22

Ekuadorrera, kitxuen lurretara, bidali nau Garabide Elkarteak Kitxuaren Biziberritze
Estrategietako Lehen Nazioarteko Ikastaroaren harira eta azken asteburu honetan Elhuyar
Fundazioko Imanol Azkue izan dut bidelagun. Asteburuetan da ikastaroa eta lehenbiziko
moduluan soziolinguistikaz aritu ondotik herenegun eta atzo kitxuaren diagnostikoa egiteko
tenorea ailegatu zen. Hasteko datu soziolinguistikoak plazaratu ziren, kitxuaren alde dauden
ekimenak zerrendatu gero, euskararen biziberritzean gako izan direnak aipatu eta, azkenik,
AMIA analisia egin zen Aukerak, Mehatxuak, Indarguneak eta Ahuleziak identifikatzeko.
Alimaleko lana, esfortzua eta gogoa partaideena. Zuendako ekarri dudana joko bat da,
diagnostikora hurbiltzeko egin genuen ariketa. Imanol Azkue irakasleak galdera bat luzatu
zuen: kitxua animalia bat balitz, zein izanen litzateke eta zergatik? Marrazteko eskatu zien. Guk
etxekotuko dugu: euskara animalia balitz, zein litzateke? Ezin jakin marrazten ari zareten, baina
pentsatzen hasi bazarete iduri duena baino galdera sakonagoa da: animalia handiak daude,
txikiak, hegaztiak, narrastiak, lurrean bizi direnak edo uretakoak, lasaiak, biziak, bertakoak,
exotikoak, desagertzeko zorian daudenak, desagertuak, inbasoreak, abereak, piztiak...
Erantzunak, guztiz desberdinak izanik ere, denak elkarren osagarri. Kitxuen taldean
aukeratuenak kondorra, kolibria eta erlea izan ziren. Denak, adibidez, hegaztiak. Ez dut uste
euskaldunen artean hori izanen litzatekeenik hurrenkera. Twitterren barraskiloa proposatu
zuten euskararendako, pixkanaka-pixkanaka ikasten delako, baina aldi berean beti daramalako
etxea soinean. Eta zure ustez, zein animalia litzateke euskara?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!