Garabide Elkarteak eta Sisariy kitxuen antolakundeak gidatutako Kitxuaren Biziberritze
Estrategietako Lehen Nazioarteko Ikastaroan egin dugu bat, Ekuadorreko iparraldeko
Ibarra hirian, eragile kitxua eta euskaldunok, bertatik ari naiz solasean.
Pasa den urtarrilaren 24an izan zen hasiera ekitaldi ofiziala Ibarrako Universidad
Tecnica del Norten (UTN) eta martxoaren 15era arte, 8 asteburutan, arituko gara
eskolak ematen 12 kitxua eta 6 euskaldun, alorkako aditu gisa irakasle lanetan.
Zenbakitara ekarrita 120 klase ordu, 18 irakasle eta 40 parte hartzaile estrategiko
biltzen ditu ikastaroak. Kitxua lurretan egingo den horrelako lehen ikastaroa da eta bi
helburu argi ditu: Imbabura eskualderako kitxuaren biziberritze estrategia artikulatzea
eta horren baitako proiektu zehatzak diseinatzea, ikastaroaren ondotik kitxuaren aldeko
eragina biderkatu dadin.
Ikastaro honetan irakasle diren kitxuak aitzientik Euskal Herrian Garabidek
antolatzen dituen ikastaroetan formatutakoak dira eta beraiek sortu zuten 2017an
Sisariy antolakundea. Moduluka antolatu dute formazioa eta hartzaileen artean daude,
bertzeak bertze, hezkuntzako arduradunak eta irakasleak, udaletako teknikari eta
zinegotziak, kazetariak eta kultur eragileak. Nabarmentzekoa da, gainera, unibertsitate
mailako formazioa izanik ere debalde eta kitxuaz (euskaldunen parte hartzea
salbu) egiteko hautua.
Irakasleei dagokionez, kitxuak Sisariyko kideak dira eta Garabidek pauso kualitatibo eta
kuantitatibo nabarmena eman du bere zubigintza lanean proiektura puntako euskal
erakunde eta aditu batuta: Uri Ruiz hezkuntzako aditu gisa, Soziolinguistika
Klusterretik Belen Uranga, Elhuyar Fundaziotik Imanol Azkue, AEKtik Mertxe
Mugika, Aiaraldea Ekintzen Faktoriatik Gartzen Garaio eta Andoaingo Udaletik
Patxi Baztarrika.
Hortaz, ozeanoaren alde bietako hainbat erakunderen baturak bultzatuta, martxan da
Ekuadorren kitxua eta euskaldunak munduko auzolanean batzen dituen formazioa.
Martxoan ezagutuko ditugu parte hartzaileek landuko dituzten kitxuaren aldeko proiektu
zehatzak, baina Euskal Herrira begira ere honek soka luzea ekartzea espero dugu,
aunitz ari gara ikasten kitxuengadik, hori etxekotzea izanen da gure erronka”.