2019 urtea Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu zutenetik hainbat ekimen
antolatu dira munduan zehar, baita estatu zentralistenetan ere. Estatu horietako bat izan
daiteke Txile, Hegoamerikako estatu gazteenetariko bat. XIX. Mendera arte azalera txikia
zuen herrialdeak, baina armada indartsu bati eskerrak Bolivia eta Peruri puska bat jan zien
iparraldean, eta jarraian maputxeei euren askatasuna kendu zieten, hegoaldean. Hainbat
herri bizi dira Txilen eta hitz egiten diren hizkuntza indigenak sei
dira: mapuzunguna , aimara, quechua, kawesqar, yagan eta rapa nuia. Ezaugarri,
egoera eta historia ezberdinak dituzte denek.
2019 urtearen aitzakian Txileko Kultura, Arte eta Ondare Ministerioak “Hizkuntza
Biziberritze-esperientziak Nazioarteko Kongresua” antolatu zuen Temukon
(Wallmapu) eta Santiagon abenduan. Garabidek bertara joateko gonbidapena jaso
zuelarik, Hegoamerika lasai zegoen eta munduak, norbaiti begiratzen bazion, Kurdistan eta
Kataluniari begiratzen zion. Baina igo zuten Santiagoko metroko txartelaren prezioa eta
horrekin eztanda egin zuen Txileko naipe gaztelu hauskorrak, azken hamarkadetan
hiritarrak kapitalismo basatienean ito dituen estatua, hain zuzen ere.
Gauzak honela, kongresua ezin momentu interesgarriagoan egin zen, izan ere,
mobilizazioen aldarrikapenek egiturazko aldaketa sakonak eskatzen dizkiote Estatuari eta
Prozesu Eratzaileaz ere hitz egin da, Konstituzio berri bat egiteko. Berezko herri eta
hizkuntzen alde egiten duten txiletarrek bizilagun duten Boliviar Estatu Plurinazionala hartu
dute eredu euren eskarietan eta dena hitz egiteke eta adosteke dago. Hori dela eta, Txileko
Gobernuaren baitako Jatorrizko Herrien Idazkaritzak antolatutako kongresu honek
estatuko hizkuntza-komunitateak elkarrekin biltzea zuen helburu, elkarrengandik
ikasteko eta adostasunetara iritsi ahal izateko. Horretaz gain, nazioarteko ahots batzuk
ere gehitu zituen egitarauan: Peruko quechuak, Boliviako aimarak, katalanak eta
euskaldunak. Kongresua hiru gai nagusitan banatu zen eta Garabidek hiru hitzaldi eman
zituen: euskararen biziberritze prozesua, hizkuntzen biziberritzea ikasgelatik kanpo
eta kultura eta hizkuntzen biziberritzea. Orotara Temukon 100 lagun bildu ziren eta
Santiagon 50. Erreparatu berriz ere gaiei eta moduei, faborez. Nork eta zer erran zuen.
Badugu zer ikasi.