Urria akitu berri da eta udalekuak akitzen direneko sentsazioa dut. Garabide Elkarteak urtero antolatzen dituen formazioetako batean parte hartzen aritu naiz hilabete osoan, munduko 10 hizkuntza gutxitutako 16 ordezkari indigenarekin egunerokotasuna partekatzen. Beraiek hizkuntzen biziberritzeari buruzko formazioa jasotzera etorri ziren, nik ere aunitz ikasi dut hizkuntzen eta, bereziki, euskararen biziberritzeaz. Izan ere, espazio gutti ditugu euskaldunok, nere belaunaldikoek bederen, horretarako eta hortaz hausnartzeak merezi luke. Afera da guaraniekin, kitxuekin edo aimarekin bizi dudala, egunez-egun, hizkuntzaren biziberritzean dena egiteko dagoelarik sortzen diren zalantzak, frustrazioak, kontraerranak, larritasuna, galderak: nondik hasi? Eta, aldi berean, dena egitea posible dela sinetsita gaudelarik, nola gailentzen zaion aitzineko guziari gogoa, itxaropena, sormena, elkartasuna eta ezinezko konplizitateen indar askatzailea. Ikasi eta bizi dut, biak. Taldearekin Tafallako Ikastola bisitatzen ari ginelarik guraso, irakasle, ikasle eta ikasle ohiekin solasean, partaide maputxeak malko artean erran zuen: "Niretzat Tafallara etortzea, Ikastola ezagutzea, zuekin denekin hitz egitea, denboran bidaiatzea bezalakoa da. Gure errealitateak oso antzekoak dira, baina zuen oraina guretzat ametsa da oraindik, gure etorkizun hurbila Tafallakoa izan dadin ari gara borrokan. Horregatik guretzat, hemen egoteak, posible dela frogatzen du eta horregatik bihotzak itxaropenez gainezka egiten digu". Denboran bidaiatzera eraman ninduen horrek ni ere, euskararen utopiak bihotzak itxaropenez eta asteburuak auzolanez betetzen zituen garaira, baina gero Gloria Puc Guatemalako kaqchikelak erran zigun: "Gizartea aldatzea da gure helburua, hizkuntzarekin ez da aski". Eta hortxe dago gakoa, nire ustez, ari gara gizartea eraldatzen eta gai gara utopia batek asteburua auzolanez betetzeko, gure zalantzak, beldurrak, kontraerranak eta ezinezko konplizitateak mahai gainean paratzeko.