Garapena... eta hizkuntzak?

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2019ko urr. 21a, 15:12

Nazio Batuen Erakundeak 2019 Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu du eta Euskal Herrira etorrita urte osoan hainbat eragile (adibidez, Nafarroa Oinezen baitako Txikiak Handi ekimena, PEN kluba edo Garabide Elkartea) aritu gara han-hemen ekimenak antolatzen. Gaur, oraintxe bertan, bukatu berri da Bilbon Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak gai honi buruz antolatutako jardunaldia. Ezin laburtu bertan azaldutakoa, zenbatetan ikusi dudan Nafarroako egoeraren parekoa munduko txokotan eta, aldi berean, zeinen haundi den gure txikitasuna, zeinen beharrezkoak garen elkarrendako eta, are gehiago, ezagutzen ez gaituztenendako ere. Hori bai, atentzioa deitu dit han aditutako datu batek: hizkuntza bat galtzen den bakoitzean, oroitu dezagun gaur egun bi astetik behin pasatzen dela, erraten badugu ez dela soilik galera linguistikoa, baizik eta kulturarekin, identitatearekin, ondare ez materialarekin lotutako galera handia, hau da, hizkuntzak galtzeak pobreago egiten bagaitu mundu mailan hizkuntzen biziberritzea ez da soilik hizkuntzalarien lan esparru, hizkuntzen biziberritzea garapen iraunkorraren terminoetara ekarri behar dugu. Ez da garapen integralik, jasangarririk egonen munduan hizkuntzak barne hartzen ez badira eta horrek zuzenean interpelatzen du gizarte osoa, ez soilik hiztun garenak, baizik eta bertze denak ere, klimarekin edo bertze alorrekin pasatzen den bezala.

Alor desberdinen elkarreraginaren bistan, nazioartean 2030 agenda adostu zen eta garapen iraukorrerako 17 helburu bildu ziren, baina horien artean ez zen munduko 7.000 hizkuntzekin lotutako helbururik. Hori dela eta, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak helburu berri bat gehitzea proposatu zuen, 17+1, eta hainbat eragile atxikitu dira ekimenera. Balio beza +1 horrek hain modan dagoen gure "balio erantsia" hitzetik ekintzetara ekartzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!