Bidai sentimental labur bat

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Sobrino 2019ko ira. 23a, 14:27

Hau bidai sentimental labur baten kronika da. Duela hilabete batzuk Guatemalara bidean abiatu ginen Tafallako Ikastolako bi kide, Aretxabaletako bat eta ni Garabide Elkartetik. Talde ttiki bitxia ginen: bat arnasgunekoa baina guraso erdaldunekoa, bertzea heldutan euskaldundutakoa eta bertze hamaika aldagai bizipenak gorpuzteko: hiria eta herria, adina, generoa...

Guatemalan 25 hizkuntza daude aitortuta gazteleraz gain, baina ez dago murgiltze eredurik, horren ordez hezkuntza publikoan Hezkuntza Elebiduna deitutakoa dago, hamarkadetan elebidunik sortu ez duena. Areago, 25 hizkuntza indigena horietako bat etxean jaso dutenak erdaldundu ditu.

Horren bistan kaqchikel aktibistak hezkuntza eredu propioa sortzen aritu dira eta metodologikoki kalitatearen aldeko apustu sendoa egin dute. Dagoeneko eskola batek lortu du duela gutti artio ametsa zena: kalitatezko murgiltze ereduan aritzea. Lortu du, gainera, estatuko frogetan emaitza arras onak izatea. Horri esker, indigenak ez diren familia batzuk hasi dira haurrak kaqchikelez eskolaratzen eta, garrantzitsuena, proiektuaren parte izateaz harro daude.

Pentsa zer den hori, munduaren bertze puntan egonik denboran bakarrik bidaiatu izanaren sentipena. Nik irakasle konbentzitu eta motibatu horiek begiratzen nituelarik gure barrideak ikusten nituen; indigena talde baten aitzinean indigena izan gabe eskola komunitatearekin bat egin zutela kontent erraten ziguten guraso horiek aditzen nituelarik, egungo euskaldun gehienen gurasoak aditzen nituen eta gu, parean, gu ginen: ez gabezien zaku zulatua, baizik eta indarren putzua, hogeitaka begi pareren ilusioak kutsatuta egunerokoan etorkizuna eraikitzen segitzeko indarren putzua. Gu ginen posible denaren froga, posible delako, eta ez soilik Guatemalako Aretxabaletan edo Baztanen, baizik eta Guatemalako Tafallan edo Iruñean ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!