Jatorrizko herrien erresistentzia eguna

Erabiltzailearen aurpegia Luzia Etxeberria 2021ko urr. 13a, 19:32

Urriaren 12a, hispanitatearen eguna deiturikoa ospatuz harro aldarrikatzen dute zenbaitzuk Abya Yalaren inbasioa eta hark zeramana: herrien sarraskia eta kolonizazioa. 
Baina beste askorentzat jai-egun arrotza izan da beti. Urriaren 12a herrion erresistentzien eguna da. Azken urte honek langileria zapaltzen duen sistemaren aurka antolakuntzaren bidez aurre egiteko gai garela erakutsi digu. Horren adibide, hilabete hauetan zehar Txile, Haiti eta Kolonbiako herri langileen konfrontazio zuzena estatuaren aurka. Soilik antolakuntzaren bidez gauzatu daitekeen matxinada begi bistan jarri digute barrikaden lehen lerroan egon diren gazteek, zaintza lanetan ibili diren milaka militantek, herri eta auzoetan oinarrizko baliabideak bermatzeko antolatutako sareek … Finean, herria antolatzen ibili diren milaka konprometituk. Askatasun erreala kaleetan lortuko dugula erakutsi digute borroka horiek eta eragile sozialen antolakuntzaren bitartez garatzen dela herri boterea. Zentzu horretan, autoantolakuntzaren herentzia finena jaso dugu Kubarengandik. Hain zuzen ere Kuba gabe ezer ez zelako berdina izango, aurten aipatzekoa da inperialismoaren erasoen aurrean kaleak berreskuratzeaz batera, periferiako herrialdeei laguntza ematen jarraitu duela pandemia garaiean, berriz ere, internazionalismoaren praktika maila gorenera eramanez.
Urte honetan ere, burgesia inperialistak Abya Yalako herriak zapaltzen jarraitu du: transnazionalek jatorrizko herrien lurrak ustiatzeaz gain, bertan dauden bizilagunen etxeak erre eta espetxeratzen dituzte; erreferente ditugun emakume militanteak erailtzen jarraitzen ditu; lurjabe eta enpresek, paramilitarren bidez, ahotsa altxatzen duen oro tiroz isilarazten du; propaganda zikinaz, abian dauden prozesu iraultzaileak suntsitzen saiatzen dira,... 
Are gehiago, sarraski horien erantzuletako batzuk etxean bertan dauzkagu, izan ere, Euskal Herrian badugu bertako inperialismoa, eusko labela. Hemendik abiatzen dira Abya Yala ustiatzeko tresnak, hemen daude jatorrizko herriak haien lurretatik kanporatzen dituzten enpresak, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren babes eta laguntzaz. Beraz atzo bezela, gaur, urriak 13, eta bihar ere, herrion erresistzeak ospatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!