Gu krisian geunden lehen ere, ez da pandemiak ekarri digun zerbait. Gu, emakumeok, krisian bizi gara. Krisian gure gorputzekin, krisian gure identitatearekin, krisian lan-eremuan, krisian etxean. Krisian izan nahi dugun eta ezin dugunaren artean, krisian egin nahi dugunaren eta ezin dugunaren artean.
Pandemiak sintomak hareagotu baina ez ditu egin. Bakartu egin gaituzte. Etxeratu egin gaituzte. Isolatu.
Pandemiak jardun eta antolakuntza politikoa oztopatu du, baina eguneroko zapalkuntza eta erasoek ez dute etenik izan eta sistemak bere horretan jarraitzen du.
Gainera, mikrofonoak hartu dituzte zaintzaz hitz egiteko. Zaintza-lana ikusezina dela esateko. Baina zaintza ez da ikusezina, ikusi nahi ez den zerbait da. Zaintzak emakume aurpegia duelako gehienetan, emakume migranteen aurpegia duelako gehienetan. Gizon zurien gizarte-egituraren oinarriak emakumeek, migranteek eusten dituztelako.
1910ean proposatu zuen Clara Zetkinek Emakume Sozialisten Mundu Mailako II.Konferentzian emakume langileon nazioarteko eguna burutzea. Eta 111 urte beranduago, pandemia garaian ere, egun honi gogor helduko diogu.
Beti izan gara arduratsuak, beti irudimentsuak. Mendeak behar izan ditugu plazara ateratzeko eta ez dugu metro bat atzera egingo.