Abenduaren erdialdean gauden honetan Olentzeroren berotasuna geroz eta gertuago sentitzen dugu, jada hasi gara asko desioz betetako eskutitzak idazten. Baina honetaz baliatu dira PP eta VOX bezalako alderdiak eztabaida sortzeko garaian, Olentzerok Leioako herrian haur eta gazteei gazteleraz ez duela ongi ulertzen esan dielakoz.
Hau ez da ordea eztabaida bakarra, beste alde batetik Mari Domingi daukagu, 90. Hamarkadan Donostialdean sortu zen pertsonaia, olentzeroren laguna, haurrek erreferente emakume bat ere izateko asmoz sortua eta pixkanaka euskal herri osotik hedatu den figura. Eta gaur egun eztabaida askoren sujetu bihurtu da.
Baina eztabaidekin jarraitu aurretik jarri dezagun begia Olentzeroren sorreran. Neguko solstizioan erretzen zen egur zati bat zen olentzero urte zaharreko azken eguzkiari agurra emateko eta urte berriari hasiera. Denboraren poderioz, Bortziri inguruan egur hori pertsonifikatuz joan zen eta ikazkinaren itxura hartu zuen eta gerora olentzero ikazkin hau gailendu da euskal herri osoan zehar.
Garai hauetan bada, bai hizkuntzaren ikuspeitik edota genero aldetik ongi errotuta ditugun ohiturak sakonki eztabaidatu behar ditugu. Baina olentzeroren inguruko eztabaidak behar bezela kokatzea ezinbestekoa da eta hortxe dator nire galdera: Zein da gaur egun olentzerok betetzen duen papera? Azken hamarkadetan olentzerok kontsumoranzko trasformazio basatia egin du. Noizbait euskaldunon sua mantentzen zuen egur zati bat izan zen hori orain
amazoneko kartoizko kutxak ekartzen dizkigun horretan bihurtu da eta hortxe kokatuko nuke lehen eztabaida.
Tradizio guztiak denboraren poderioz eboluzionatzen eta trasformatzen joaten direla ikusi genezake. Orain, gure jaiegunen inguruan erreflexioa egiteko unea da, ze norabidean bideratu nahi ditugun pentsatzekoa eta nahi ditugun baloreak eta irudia eraikitzekoa. Ez dezagun ahantzi ohitura bat komunitatea osatzen dugun pertsonen arabera garatuko dela. Beraz jarraitu dezagun gurea den olentzero eraikitzen.