Nire Iritzia zeini inporta zaio?
Hau da nere buruari egin diodan galdera Maialenek ea textu bat idazteko animatzen naizen esan didanean… Ea ba, zer kontatuko dut? Zein egunetarako da? Urriak 17rako…. Tate!! Landa eremuko emakumearen eguna da urriak 15ean! Pentsatu nuen. Hortaz hitzegingo dut ba… ea, landa eremuan bizi naiz, Arakil bailaran, emakumea naiz… errexa izango da. Eta horduzkik… txuri, nire ordenagailuaren pantaila, txuri- txuria marratxo beltz “dantzaria” izan ezik. Beti ikusi dut nere burua herri txiki batean, nere ama Allikoa da, ta atte Uitzikoa, herri ttikik, horregatik igual. Gauza da, landa eremuko emakumea ez naizela sentitu sekula. Nere buruan, landa eremuko emakume bat, animaliekin eta artoz jositako soro batean ateratako argazkia egon da betidanik, baratzean azak eta tipulak hartzen… nere amona Trini dago argazki horretan.
Eta ez naiz nire amona!…
Ez dut ikuilurik, ezta baratzik ere, gainera antzerkian lan egiten dut… nere amonak ikusiko banu!! Baino, bai, geroz eta argiago daukat, eta geroz eta behar gehiago, nere lana, antzerkia, landa eremuan egin nahi dudala, lehengo emakumeen historioak kontatuz, Jazinta “la potra” esne saltzailearena adibidez, herriz herri joaten zela kontuk eramatera, baita esnea ere! Landa eremuko emakumeak anitzak garela sentitzen dut, tabernariak, artzainak, kazetariak, nekazariak, artistak, maixuak, denak sartzen garela, bakoitzak bere puntutxoa jartzen diola… hemen gaude, bizirik gaude eta indarrez jarraituko dugu!!
Landa eremuko emakume artista bat.