Klima larrialdi betean, agintariak lo daudela eta lobby handiak bere interesak babesteko lan handiak egiten, badirudi benetako aldaketak bultzatzeko gizartea astintzea beharrezkoa dela. Aldaketa garrantzitsuak maiz, gizarteak eragindako presioen ondorio izan baitira. Baina, azken aldian, mobilizazio baketsu batzuek aurrera eramateko bi aldiz pentsatu beharra dago, ondorioak guztiz desproportzionatuak izaten ari baitira.
Dela hilabete batzuk Greenpeaceko 8 aktibistek Caparroson egindako ekintza batengatik, kartzela zigorra zekarren salaketa bati aurre egin behar izan zioten. Orain 7 baztandar dira kinka larrian daudenak Aroztegiako proiektuaren aurka kanpaldi baketsu bat egiteagatik. Ezarri nahi dieten zigorra guztiz neurrigabekoa da, eta argi dago, bereziki protestak isilarazteko dela eta enpresa pribatuen interesak babesetea baino ez duela helburu. Honen bitartean, Kaparrosoko makroexaldearen aurkako auzia ingurumen delituarengatik geldirik dago. Lasai doa. Planeta suntsitzen ari diren kriminalak lasai bizi, eta aberasten jarraitzen duten bitartean, guztion interesen alde, biziaren alde ari diren aktibistak ondorio latzak jasaten ari dira. Egoera hau ez da berria baina bai kezkagarria.