Jaiak bai, jasangarritasuna ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Orduña

Pazko igandean Aingeruaren Jaitsiera ospatzen da Tuteran, ondoren herritarrak
Las Norias izeneko paraje natural batera joaten dira bazkaltzera. Urtez urte,
ospakizun honen hurrengo egunean, elikagai eta edari hondarrez, kartoiz,
plastikoz, botilez eta baita botatako karpaz betetako inguruneko irudiak ikus
ditzakegu hedabideetan. Festaren ondoren lurrean sakabanatuta geratzen diren
kilo eta kilo hondakin.
Alferrik da sortzen diren hondakinak biltzeko deia egitea, ez da kontuan hartzen
horrelako ekitaldien jasangarritasuna. Izan ere, ez gara konturatzen hurrengo
belaunaldiei uzten ari gatzaizkien hipotekaz, hondakinen sorrerarekin eta horiek
ingurumenari egiten dioten kaltearekin.
Tuterako Udalak hori gerta ez dadin lanean jarraitu behar du, beste herri
batzuetan udalek kanpainak abiarazi dituzte eta sortzen diren hondakinak
biltzera derrigortzen dute. Sarrigurenen, batzuetan, kuadrilla bakoitzeko
pertsona bat identifikatu da, dena jasota uzten ez bazen zigortzeko. Aurreko
asteetako Sanduzelaiko eta Txantreako jaietan urrutirago joan gabe, ikus
zitekeen hondakin kopurua duela urte batzuk baino askoz txikiagoa zela
edalontzi berrerabilgarriei esker.
Izan ere, ez bagara kontzientziatzen pertsona bakoitzaren erantzukizuna dela
material berrerabilgarria erabiltzea eta jasotzea, ingurumenari kalte
konponezina egiten jarraituko dugu. Jaiak bai, jasangarritasuna ere bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!