Uste dut ez naizela bakarra arras harriturik dagoena aita santuaren heriotzaz geroztik hedabide askotatik heldu zaigun matraka vaticanozale zoroa dela eta. Hurrengo aita santua aukeratzeko konklabea bilduta dago orain eta, hau idazten ari naizelarik, ke zuria nola lortzen den azaltzen ari dira irratian, xehe-xehe…
Ezin giroari itzuri egin eta, azkenean, Conclave filma ikustea erabaki dut. Thriller entretenigarria iruditu zait, eta txunditurik miretsi ditut eszena batzuen edertasun estetikoa eta kardinalen jantzi aberats gorriak. Gero, batzuek lasai esanen dute apaingarrien erabiltzea eta pinpirintzea emakumeen kontuak direla. Egia esan, badakit kardinalen jantzien oihal finen xedea ez dela, besterik gabe, apain eta dotore agertzea, xedea boterea erakustea ere badela, eta badakit, filmean garbi erakusten diguten bezala, ez janzkera apain ez botere horiek ez dagozkiela, Vaticanon, emakumezkoei.
Eliza katolikoak eragin-ahalmen handia du oraindik munduko herritar askorengan. Itzal hori baliatu du aita santu zendu berriak desberdinkeria sozialak eta kapitalismoaren desmasiak salatzeko. Ez du, baina, baliatu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde mintzatzeko. Arte Telebistan Emakume apezak, galarazitako bokazioa dokumentala daukagu ikusgai. Hori ere oraingo giroak hartaratuta ikusi dut: argigarria, zinez, gaurko Eliza katoliko ofizialaren misoginia zertan den ohartzeko eta lagungarria, zinez, ke zuriaz haratago begiratzeko.