Astelehenean 80 urte bete ziren Sobietar Batasuneko soldaduek Auschwitzeko kontzentrazio-esparrua askatu zutenetik. Urteurrenaren ekitaldian, 60 herrialdeko agintari eta ordezkariak bildu ziren. Esparrutik bizirik atera zen biktima baten hitzak entzun ziren, esparrura deportaturiko musikariek konposatutako musika entzun, han hildakoen omenezko kandelak piztu.
Iraganeko genozidioak oroitzeko politiken xedeetako bat halakorik ez errepikatzea da; hala behar luke behintzat. Iraganeko genozidioen oroimen-politika etikoek ez liekete ez ikusia egin behar gaurko genozidioei eta, halere, Auschwitzeko askapena oroitarazteko ekitaldira Netanyahu bera zegoen gonbidatua. Agertu ez zen arren, Poloniako agintariek lasai bertaratzen ahal zela segurtatu zioten, ez zutela betearaziko Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko emandako agindua.
Askatuko al da, askatuko al dute, inoiz, Palestina? Nork piztuko ditu azken hamarkada luzeotan hildako palestinarren omenezko kandelak askapen horren urtemugetan? Noren musika da adituko? Nongo agintariak dira bertaratuko ekitaldi horietara? Ezin jakin. Bien bitartean, segi dezagun palestinarrei gure babesa erakusten; adibidez, Zaldikoko Bertso Eskolako kideek apailatu dituzten koplak kantatuz Santa Ageda bezperan: Ibaitik itsasora, Palestina aurrera.