Politeismo bastarta

Lagun batek, batzuetan, esaten digu kristauen Jainkoa berpiztu beharko genukeela gure buruetan; batez ere Eguberri ondoko asteetan berritzen zaio ideia hori, uste baitu gaur egun dena dela kontsumo-festa eta azalkeria-feria itzel bat, galdu direla garai bateko balioak, guztion ongirako funtsezko ditugun oinarri horiek, garai batean gizartean errotuagoak ziruditenak…  
Gehienetan, ezetz erantzuten diot, ez dugula Jainkorik behar, baditugula beste tresna batzuk aurre egiteko kapitalismoaren oldar basari, eskuin muturraren hedadura eta normalizazioari, hedonismoaren gorazarre gehiegizkoari, informazioa eta datuak nahita desitxuratzen eta faltsutzen dizkiguten hedabideei. 
Gero, pentsakor gelditzen naiz, zeren ez bainago seguru beste tresna horiek benetan eraginkorrak izanen ote diren gero eta beltzago dirudien etorkizunaren norabidea aldarazteko. Kristauen Jainko bakar hori ez da -niretako bederen- bidea, edo ez da, behintzat, bide bakarra, baina inguruan sumatzen dudan etsipena ere ez.  Aristokrazia teknologiko eta finatzario berriak aginte osoa eskuratu nahi duela ematen du: ez dira nolanahiko arerioak. Horregatik, eskura ditugun tresna guztiak zorroztu beharko ditugu: komunitategintzan segitu beharko dugu, elkar zaintzen, sinesten ditugun ekimen eta aldarri horien alde ekiten, eta irudimena lantzen. Ni, atzo, Jule Goikoetxearen Politeismo bastarta irakurtzen hasi nintzen, etorkizun eder bat irudikatzeko itxaropena emanen didaten jainkosen bila.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!