Ez naiz oroitzen nori entzun nion aurrenekoz markoaren eta margolanaren kontu hura, hots, norbaiten markoa erabiliz gero, hark taxututako margolanaren arabera pintatuko duzula (edo horrelatsuko zeozer). Bada, horixe etorri zitzaidan burura Gaindegiak Euskal Herriaren garapen sozioekonomikoaren argazkiaren berri eman zuenean azaroan. Argazkiaren egileek esan zutenez, Euskal Herriaren irudi distortsionatua dugu gure ohitura zahar bat dela-eta, alegia, gure datuak Espainiakoekin eta Frantziakoekin alderatzeko usadioagatik; izan ere, datu batzuk (enplegua, pobrezia) Europako beste herrialde batzuekin alderatuz gero, ez dira hain bikainak ere. Eta beste datu batzuen esanahia guztiz bestelakotzen da munduko datuekin konparatuz gero.
Datu bat baino gehiago gertatu zaizkit deigarri, baina bakarra aipatu nahi dut gaur: azken urteetan kanpotik Euskal Herrira bizitzera etorri direnen gehien-gehienak Espainiatik eta Frantziatik iritsi dira, eta ez, ordea, Hego Amerikatik eta Afrikatik.
Espainiako eta Frantziako markoek gauza batzuk handiturik ikusarazten dizkigute, eta beste batzuk ikusezin bihurtzen. Marko horietatik kanpo gehiago begiratzen eta gehiago margotzen ahalegintzea merezi duela iruditzen zait, nahiz eta badakidan ezen, hala eginez gero, Macronek tokiko markoak nazioa zatitzeko tresna direla esanen lukeela.