Gure hildakoak gogoratzeko egunak izaten dira hauek eta, orobat, gure arbasoak. Biologikoki asaba ez direnak ere har ditzakegu arbasotzat, genealogia oro ez baita biologikoa. 1793ko azaroaren 3an, gillotinaz hil zuten Olympe de Gouges, idazle, antzerkigile eta panfletogile frantziarra bera. Frantziako Biltzar Nazionalak Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena onetsi zuenean, bazter utzi zituen emakumeak, eta de Gougesek Emakumearen eta Emakumezko Herritarraren Eskubideen Adierazpena idatzi zuen. Esklabotzaren kontrako bi antzerki-lan eta saiakera bat ere idatzi zituen. Girondinoen alde egin zuelako hil zuten, eta gogor gaitzetsi zituelako Marat eta Robespierren erregimenaren politika-moduak.
Julia Fernandez Zabaleta 1961an hil zen. Pedagogia berritzaileen aldezlea izan zen, feminista, abertzalea eta euskaltzalea. Euskara sustatzeko hamaika ekimenetan parte hartu zuen, politikan aritu zen, hizlari mitinetan, eta Emakume Abertzale Batza ezagutarazteko lanetan aritu zen Nafarroan. 1936ko altxamendua hauspotu eta gerra irabazi zutenek irakaskuntzatik baztertu zuten 22 urtez, erregimenaren kontrakoa izatea egotzita.
Alabak etxean izan du bi plazandre ausart horien berri, eta, zorionez, baita ikastolan ere. Egia da ezagutzen ez ditugun asaba zahar aunitzen baratzeak lantzen segitzen dugula, ezin-eta denak ezagutu, baina zoragarria iruditzen zait halako aurrekarien berri eskola bidez ere ezagutaraztea gure gazteei, balio baitie ulertzeko kate-begi horien bidez ere heldu garela honaino, eta eskubideak eta eraldaketak ez zaizkigula zerutik etortzen.