Urriak 12

Urtero, miresgarria iruditzen zait nola zaharberritzen diren abertzaletasun eta kolonialismo espainiarrak, eta nola ez diren agintariak lotsagorritzen esaten digutelarik egun horretan finkatu dela Espainiako Festa Nazionala, halako egun batean hasi zuelako Espainiak Europako mugez haratagoko hedapen linguistiko eta kulturala (abentura handi hura, badakigu).
Estatuek, badakigu —hala esaten baitigute tai gabe—, ez dute askorik balio gaur egun. Epika, badakigu —hala esaten baitigute tai gabe—, kontu zoldatsua da, lurrin zaharmindua dario. Baina, harrigarriki, kontakizun hori Euskal Herrirako beste estatu bat sortu nahi luketen ugarik dute sinetsi irmoenik, eta, beraz, ez dute jada interes handirik epika eta genealogia askatzaile bat josten hasteko ere.   
Estatu bat edukiz, zilegi da epika zoldatsuez harrotzea eta, aldi berean, bestelako kontakizun historiko eguneratu eta demokratikoki salgarriagoak asmatzea, eguneroko nazionalismo hutsalaren zutabearen sendogarri. Estaturik gabe, orain, dena da ahalke eta lotsa. Susmoa dut inozoen saldoa gero eta handiagoa dela euskal abertzaleen artean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!