Gauza normalak, nola begiratzen zaien, ez dira hain normalak ere, ohikoak izanagatik. Atzo segurtasun neurri hagitz zorrotzak hartu ziren Euskal Herriko hiru hiriburutan, Europako kirol lehiaketa batzuk tarteko. Zorrotzenak, Donostian, han jokatu zen futbol partida arrisku handikotzat jo baitzen. Amara Berri auzoa blindatu zuten, eta ikastetxeek lehenago bukatu eskolak. Futbola erdigunean.
Oktoberfest garagardoarekin lotutako munduko festarik handiena da eta Munichen ospatzen ari da egunotan. Hartan lan egiten duten emakumezko gehienek sexu-jazarpenak jasaten dituztela aitortu dute, isilpean, nahiago baitute bezeriaren erasoak ez salatu, lana galduko ote duten beldurrez.
Futbolaren eta festa giroko beste ospakizun handi batzuetan, normaltzat jotzen dira indarkeria eta talde jakin batzuk jazarri ahal izatea, baina inori bururatu ez halakoak debekatzea. Manifestazioak edo beste agerraldi politikoak, aldiz, lasai asko dira debekatzen indarkeriaren aitzakian. Agian makurrena zera da, oro har ikusezin zaigun kultura androzentrikoak inposatzen digun normaltasunaren bi adibide txiki baizik ez direla; izan ere, normaldu dugu sinestea gure aukera bakarra dela gizonkeriak ekartzen dizkigun kalteak mugatzea edota gutxitzen saiatzea, ongi dakigun arren soluzio bakarra dela gizonezkoen indarkeria horiek iraunarazten dituen kultura errotik eraldatzea.