Skolaek antolaturiko jardunaldi batean izan nintzen orain dela sei bat aste. “Haurren kontrako sexu abusuen sekretua hausten” izena zuen lehen hitzaldiak. Gai lazgarria da. Haurren kontrako indarkeria-molde ezkutuenetako bat da, eta datuak gordinak dira: kasu gehien-gehienetan erasotzailea umearen familia ingurunekoa da, edo ingurune hurbilekoa. Biktima gehien-gehienak neskatoak dira; erasotzaile gehien-gehienak gizonak, eta gehien-gehienek ez dute sexu-indarkeriari lotutako aurrekari penalik.
Ezkiaga itzultzaile fina zen, eta olerkari saritua. Irakasle jatorra bide zen; gizon ona. Ospe hori zuen behintzat. Marisol Zamorak sexu abusuak egin zizkiola salatu du, eta abusu haiek 8 bat urte zituela pairatu zituela aurrenekoz. Ezkiaga familiaren laguna zen.
Adituek diote abusuen % 15 baizik ez direla salatzen, kasu gehien-gehienak isilean gelditzen dira. Zamorak isiltasuna urratu du, eta Gorka Bereziartuak Argian idatzi du jasangaitza zaiola salaketaren ondoko isiltasuna. Harekin ados ni: oraingo isiltasuna jasanezina da, eta, halaber, jasangaitza da pentsatzea oso litekeena dela baten batek, edo baten batzuek, zeozer jakitea orain 40 urte, zurrumurruren bat aditu izana, eta, halere, isilik gelditzea, adin txikikoak ez babestea.
Blanca Urgellen moduan, nik ere #sinesten dizut esan nahi diot Marisol Zamorari. Eta, gero, eskerrak eman nahi dizkiot: eskerrik asko isiltasuna urratzeagatik; eskerrik asko ikusi nahi ez dugun indarkeria isil hori ikusarazteagatik.