Erruaren ilun-argiez

Izugarri maite dudan nerabe bat hagitz errudun sentitu zen aurrekoan:  jokabide arras desegokia izan zuen adiskide batekin eta, gero, gaizki jokatu zuela ohartu zenean –edo, hobeki esan, ohartarazi ziotenean—urdaileko harra marmarka hasi zitzaion eta negar batean aritu zen luzaro, erruaren putzu beltzean plisti-plasta. 
Kristau hezi ninduten, ez oso zorrotz ere, baina, txikitan, erruak toki handia hartzen zuen gure buru-bihotzetan. Gero, errudun sentitze hori inolaz ere merezi ez dugun zigorra zela ikasi genien psikologo batzuei. Kasik ematen zuen gure hutsegiteengatik errudun sentitu orduko, aski genuela mindulness pitintxo bat egin, errua kanporatu eta  gure baitako bakea berreskuratzea. Zorionez, ordea, beste zerbait irakurri nion iaz psikologo bati: hark zioen berez ez dela beti kaltegarria errudun sentitzea oker jokatu dugula uste dugunean, sentimendu hori erabilgarria izan dakigukeela, hobetzen laguntzen ahal digula, betiere egindako hutsa epaitzeko balio badigu, eta ez geure burua zigortzeko.
Aurrekoan, beraz, izugarri maite dudan nerabe horri ez nion esan ez zuela errudun sentitu behar; horren ordez, proposatu nion pentsa zezala nola jokatu nahi duen aurrerantzean adiskide horrekin. Gero, neurekiko, pentsatu nuen gauza ederra litzatekeela Netanyahuk-eta, noizean behin, beren burua zigortzeraino sumatzea erruaren harra urdailean zirika. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!